BUELTATU

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

Energia berriztagarrietarako erronka nagusiak

Espezialistaren ikuspegia:
Cristóbal Villasante, IK4-TEKNIKEReko Energia Berriztagarrien Ataleko arduraduna

2015ean, mundu-mailan instalatutako potentziaren %77 inguru osatzen zuten haize-energiak eta energia fotovoltaikoak, eta areagotzen jarraitzen dute. Energia hidroelektrikoak hartu zuen gainerako %23ren zati handiena.

Munduko merkatuan buru izaten jarraitzen dute energia berriztagarriek, izugarri murriztu baitira beren teknologien kostuak. Biltegiratze-sistemak garatzea da oraingo erronka, sarera modu masiboan sartu ahal izan daitezen, eta jada kudea daitezkeen energia berriztagarrien (hala nola, eguzki-energia termoelektrikoaren) kostuak murrizten jarrai dezan.

Energia berriztagarria ez da elektrizitatea ekoiztera murrizten; izan ere, beroa edo erregaiak sortzea ere ahalbidetzen du. Hala ere, baliteke lehenengo ezarpena izatea gehien ikusten dena. Dagoeneko ez da arraroa entzutea "haizeak jo ez duelako" edo "eguzkia atera ez delako" igo dela argiaren prezioa.

Ukaezina da berriztagarriek arrakasta izan dutela, eta oso urte gutxian igaro dira garestitzat jotzetik aukera merkeena izatera. Gainera, energia nagusi izatea lortu dute, lehen bakanak baitziren.

Zifrek beren kabuz hitz egiten dute. Haize-energiak eta eguzki-energia fotovoltaikoak beren instalazio-potentzia areagotzen jarraitzen dute. 2015ean, mundu-mailako instalazio berrien %77 inguru osatzen zuten, eta gainerako %23an zen nagusi energia hidroelektrikoa. Teknologia horiek merketu izanagatik egin ahal izan da garapen hori, eta sistema konbentzional ia guztiek baino kostu txikiagoarekin (€/kWh) sor dezaketelako elektrizitatea.

Halere, zein izango da etorkizuneko erronka nagusia? Zalantzarik gabe, kudeagarritasuna. Elektrizitate berriztagarria ezin bada arrazoizko kostuan biltegiratu, mugatuta edukiko du sarera sartzeko ahalmena, eta zaila izango da %100 berriztagarria den sistema elektrikoa lortzea. Ezin daitekeenez zuzenean biltegiratu, energia mekaniko (ur-ponpaketa, inertzia-bolantea...), kimika (bateriak, erregaiak...) edo elektromagnetiko (super-kondentsadoreak) bihurtu behar da. Oraintxe bertan, ponpaketa-zentral hidroelektrikoetan salbu, ez dago xede horretarako sistema eskuragarririk.

Industrian, baterien garapenean egiten da ahalegin handiena, urte gutxian kostu lehiakorrak eman ahalko baitituzte, eta gero eta merkatu handiagoak ireki. Guztien artean, baliteke redox bateriena izatea aukera aurreratuena, nolabaiteko tamaina duten instalazioak baitauzka dagoeneko.

Energia elektrikoa biltegiratzea ahalbidetzeari begira, IK4-TEKNIKERek teknologia propioa sortu du biltegiratze zinetikorako eta biltegiratze masiborako, redox baterien bidez, jardun eta entsegu-ordu asko pilatzen dituzten ondoz ondoko belaunaldi asko dauzka-eta.

Beste alde batetik, kontuan hartu beharrekoa da eguzki-energia termoelektrikoa, kudea daitekeen energia elektriko berriztagarria baita. Instalazio-potentzia 5 GW-etara bakarrik iristen bada ere, kostuak lehiakorrak izaten hasi dira dagoeneko (zortzi urtetan, 30 €/kWh-ko kostua edukitzetik 10 €/kWh-koa edukitzera igaro dira). Honakoa da zentral horien abantaila nagusia, eta berdingabe egiten dituena: biltegiratze termikoa dute, eta, eguzkiak dirdira egin gabe ere, hainbat orduz jardun dezakete. Fluido bat berotzen dute, tenperatura handietan, gerora lurruna sortu eta turbina bat mugitzeko horrekin. Intsolazio handiena dagoen orduetan pilatu daiteke bero hori, modu efiziente eta arrazoizkoan, lurruna beste une batean sortzeko. Energia horren balioa, beraz, haize-instalazioena edo instalazio fotovoltaikoena baino askoz ere handiagoa da, eta hazteko aukera berriak irekitzen ditu.

IK4-TEKNIKERek hiru hamarkadatik gora daramatza berriztagarrietan aplikatutako garapen teknologiarekin. Azken hamabost urteotan, garapen batzuk nabarmendu dira; hala nola, eremu hauetan: ekipoen diseinua eta kontrola, estaldura aurreratuak, industria-fluidoak eta ikuskapen- eta mantentze-sistemak. Horietatik, askoz ere efizienteagoak diren osagaiak, prozedurak eta sistemak sortu dira.

Egun, norabide horretan doazen proiektu askotan da buru zentro teknologikoa, edo horietan hartzen du parte. Horizon 2020 programaren barruan daude sartuta proiektu horietako batzuk; adibidez, hauek: MOSAIC (Modular high concentration solar configuration), CAPTURE (Competitive solar power towers) eta WASCOP (Water savig for solar concentrated power).