BUELTATU

ALBISTEAK

Energia berriztagarria metatzeko erronka

Iturri berriztagarrien bidez sortutako energia elektrikoa metatzeko irtenbidea

Energia elektrikoa modu masiboan biltegiratzea ahalbidetuko duten irtenbideak bilatzen dituzte IK4-TEKNIKERek eta ZIGORek; sorkuntza berriztagarriarekin hibridatuta, kudea daitekeen baliabide bihur dezaten energia hori (dispatchable).

Berriztagarriak dira egungo erregai fosilen alternatiba energetikoa. Alabaina, etengabe aldatzen diren klima-baldintzen mende dago iturri berriztagarrien (eguzki-, haize- eta itsas-iturrien) bidezko energia sorkuntza.

Beraz, iturri horien bidez sortutako energia biltegiratzea ahalbidetuko duten irtenbideak bilatu behar dira, sare elektrikoetako arduradunek kudea ahal izan dezaten, energia-bitartekoekin (sortutakoarekin edo metatutakoarekin) energia-eskaria doitze aldera.

Erronka horri aurre egiteko, redox fluxua duten baterietan oinarritutako sistemak ari dira garatzen IK4-TEKNIKER eta ZIGOR korporazioa, banandutako bi elektrolito likidoren arteko prozesu kimiko baten bidez biltegiratzen baitute energia. Iturri berriztagarrien bidez sortutako energia biltzeko irtenbidea da baterien belaunaldi berri hori, efizientea eta bizitza baliagarri handikoa. Gainera, kontuan hartu behar dugu energia mota hori biltegiratzea dela energia-metaketaren eremuak duen erronka handiena.

Sistema elektrikoaren energia-eskaria txikiagoa bada sorkuntza berriztagarriaren gaitasuna baino, eta energia hori metatzen ez bada, soberako energia galdu egiten da. Hori dela-eta, energia berriztagarriak modu efizientean integratzeko, iturri horiek eskura dagoen baliabidearen arabera (haizearen, eguzkiaren, olatuen... arabera) sortzeko gai diren soberako energia metatzeko irtenbideak garatu behar dira.

Redox fluxuzko bateriak oso teknologia lehiakorra bihurtu dira energia berriztagarrien merkatuak eskatzen duen biltegiratze masiborako. Batetik, potentzia- eta energia-beharrak modu independentean eta sorkuntza berriztagarriaren gaitasunaren arabera malgutzea ahalbidetzen dute, eta, bestetik, beste bateria-teknologia batzuek baino bizitza baliagarri handiagoa ematen dute ziklo-kopuruari dagokionean. Beraz, oso egokiak dira energia berriztagarrien integrazio masiborako.

Potentzia ertaineko redox fluxuzko baterien belaunaldia da hori, teknologia propioarekin egin dena. Energia berriztagarriak integratzeaz gain, egokia da energiaren sorkuntza banatua egiteko.

Garapen berriekin, teknologia horren lau alderdi hobetu nahi dituzte bi erakundeek:

  • Eragiketa-estrategiak optimizatzea, efizientzia eta kWh bakoitzeko kostua optimizatzeko.
  • Fabrikazio prozesuaren diseinua eta garapena, markoak bezalako osagai kritikoena bereziki, muntaketak multzoaren hermetikotasuna berma dezan, moduluka eraikitzea errazteko eta mantentze-lanak errazak izan daitezen.
  • Fluxuzko bateria bat garatzea potentzia- eta kontrol-elektronikarekin, baita elementu laguntzaileekin ere, zehaztu diren ezarpenetarako egokia den modulu energetikoa eratu ahal izateko.
  • Eta, azkenik, moduluka banatutako fluxu-bateria eraikitzea eta merkaturatzea, potentzian eta energian gora egin dezan eta errazagoa izan dadin merkatura sartzeko.

Iturri berriztagarrietatik datorren energia modu efizientean eta masiboan biltegiratzeko behar den gaitasuna duen irtenbidea emango dute bateria horiek.