BUELTATU

PROIEKTUAK

Eguzki-energiaren kostua murrizteko irtenbide berriak

Heliostatoen arloan lehiakorragoago den garapena

Gaur egun, hainbat eguzki-instalazio termoelektriko mota daude eguzki-energiaren merkatuan buru izateko etengabeko ahaleginean. Lasterketa horretan, jatorria eguzkian duen energia baliatzeko erabiltzen diren gailuen eta sistemen kostuak murriztea da sektoreko enpresen xede nagusia.

Eguzki-teknologia termoelektrikoari dagokionez, hainbat aukera daude egun; hala nola, kolektore zilindro-parabolikoak edo Fresnel kolektoreak. Bada, aditu askoren ustez, dorrea duten eguzki-zentralek dauzkate sistema efizienteena izatera iristeko aukera gehien.

Dorrea inguratzen duten eguzki-kolektoreek eragiten duten islatik eguzki-argia jasotzen duen dorre nagusi bat daukate instalazio termoelektriko horiek. Heliostato esaten zaie kolektore horiei, eta mugimenduan dauden ispiluz daude osatuta. Eguzki-argia une oro dorrearen goialdean jarrita dagoen hargunean islatzeko xedez mugitzen dira ispiluak.

Gaur egun, hainbat arrazoi daude pentsatzeko sistema horrek bereganatuko duela merkatua datozen urteetan:

  • Kontzentrazio-ratio handiagoetara iristeko gai da teknologia hori, eta, beraz, tenperatura eta efizientzia handiagoetara ere irits daiteke.
  • Zirkuitu termikoa eta hargunea ez daude eguzki-eremuan luzetara antolatuta, dorrean sartuta baizik. Ondorioz, izugarri murrizten da alde kritiko horren tamaina, eta, beraz, kostuak murrizteaz gain, galera termikoak eta beroa garraiatzen duen fluidoa izozteari lotutako eragiketa-arriskuak murrizten dira.
  • Kasu gehienetan, gatz urtuak izaten dira dorre-sistema horietan metatzeko eta garraiatzeko erabiltzen diren fluidoak. Horri esker, ez da trukagarri gehigarririk erabili behar, beste konfigurazio batzuetan gertatzen den bezala, eta, ondorioz, galera termikoak murriztu daitezke, instalazio-eskema soilagoa egin daiteke eta kostuak murriztu daitezke.
  • Dorre-sistemetan tenperatura handiagoak hartzen direnez, metatze-gailua lehiakorragoa da, txikiagoa baita metatutako energia-unitate bakoitzaren kostua. Gainera, eguzkirik ez dagoen aldi oso luzeetan ere energia sortzeko aukera lehiakorra dela erakutsi da.

Lanean dauden dorre-instalazioen kopurua urria izan arren, kolektore zilindro-parabolikoen aldean, azken lizitazioetan antzekoak izan dira bi teknologien kostuak. Kostuak are gehiago murrizteari begira, adituek uste dute eguzki-eremuan dauden heliostatoetan jarri behar dela arreta. Horretarako, itxuraz kontraesankorrak diren bi garapen-ildo ikusi dira.

Alde batetik, tamaina handiko heliostatoak ari dira garatzen; Europan, batez ere. Halakoetan, eguzki-instalazio termoelektrikoek horrelako gailu gutxiago dauzkate eremuan. Sistema mota horiek zehaztasun handiko baina kostu altuko eragingailuak edukitzen dituzte, eta, beraz, azalera islatzailea areagotu behar izaten da, instalatutako m2 bakoitzaren kostua murrizteko xedez.

Beste alde batetik, enpresa batzuk (estatubatuarrak, bereziki) tamaina txikiko heliostatoak ari dira garatzen, egiturak soiltzeko, ertzen lanketa bezalako eragiketak kentzeko, heliostatoak instalatzea errazteko eta seriean fabrikatutako osagaiak erabiltzeko. Kasu horretan, heliostatoen kopurua askoz ere handiagoa izango da, eta serieko fabrikazioa ezarri ahalko da.

Gauzak horrela, CENER zentro teknologikoak (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak) eta IK4-TEKNIKERek indarrak batu dituzte, EASY (hEliostas for eAsy an Smart deploYment) deritzon heliostato-kontzeptu berritzailea garatzeko. Gailu txikia da hori, eguzki-eremuko kostuak 100 $/m2-ra murrizteko asmoa duena.

Kostu gutxiko motorrek eragiten duten tracking-sistema berritzaile bat dakar garapen horrek. Kableetan oinarritutako murrizketa-sistema bat dauka sistema horrek, eta lasaierarik gabe funtzionatzea ahalbidetzen du horrek, oso kostu txikiarekin. Heliostatoaren tokian kostu txikiagoarekin zehaztasun oso handia edukitzea da emaitza.

Tamaina handiagoko beste heliostato batzuekin ez bezala, haizeak egituran eragindako deformazioak gutxituko dira, eta ispiluen ertzetako akatsak desagertuko dira.

Almeriako Eguzki Plataformaren instalazioetan probatu dira lehenengo garapenak, eta sistemak markatuta dauden betekizunak betetzen dituela baliozkotzea ahalbidetu du horrek. Kostu baxuko osagaiak eduki arren, egun erabiltzen diren sistemak baino zehatzagoa da.