BUELTATU

PROIEKTUAK

Aurrerapen teknologikoak haize-parkeen monitorizazioan

Aerosorgailuen osagaien jokaera iragartzeko teknologiak

Mainwind+ proiektuak irtenbideak ematen dizkie bai haize-sektoreko fabrikatzaileei, bai parkeetako kudeatzaileei, lurrekoak nahiz itsasokoak izan horiek; izan ere, horien mantentze-lanak optimizatzea eta errentagarritasuna areagotzea ahalbidetzen duten sistemak garatzen ditu.

Aerosorgailuen osagaien monitorizazioari ezarritako teknologiek funtsezko zeregina edukiko dute haize-parkeen kudeaketan eta optimizazioan, offshore-instalazioak direnean batez ere.

Testuinguru horretan, IK4-TEKNIKERek parte-hartze nabarmena eduki zuen Mainwind proiektuan, 2013aren eta 2015aren artean. 5,5 milioi euroko hornidurarekin, hainbat enpresaren eta zentro teknologikoren laguntza eduki zuen proiektuak. Osagaiak monitorizatzeko eta mantentze-lan igarlea egiteko sistema berri bat garatzea izan zen orduko xedea.

Proiektua egikaritu bitartean, haize-osagaien fabrikatzaileentzako teknologia berriak garatu ziren (lineako sentsorizazioa, akatsen iragarpena, arriskuen ebaluazioa...). Horiei esker, haize-parkeen jardunean eta mantentze-lanetan errendimendua maximizatu ahal izan zen, bai onshore, bai offshore, eta, horrela, aerosorgailuen belaunaldi berri baterako osagai fidagarriak ekoiztearen aldeko apustua egin ahal izan zen. Aurrerapauso kualitatibo garrantzitsua izan zen hori, itsas-parkeen ezarpenean batez ere; izan ere, horietan, besteren artean, klimak eta kokalekura dagoen distantziak baldintzatzen ditu monitorizazioa eta mantentze-lanak.

Iazko uztailean abiarazi zen Mainwind+ proiektua, eta 2018ko abendura arte luzatuko da. Bada, horrekin, urrats bat eman nahi da, erabileran dauden osagaien jokaera, horien fidagarritasuna eta kostuen murrizketa ezagutu nahi dituzten fabrikatzaileei irtenbide espezifikoak eskainiz. Orain arte garatu diren osagaiek sortzen duten informazioaren ahalmen osoa ustiatzea da erronka, eta datu horien sentsorizazio- komunikazio-, biltegiratze- eta ustiapen-teknologia gehigarriak ematea, negozio eolikoaren balio-kate osoa integratuz.

Erabileran dauden piezen jokaera iragartzea, akats-arriskua murriztea eta ordezkoen optimizazio logistikoa ahalbidetuko ditu sistema horrek.

Parkeko kudeatzaileen ikuspuntutik, eta egin diren balioespenen arabera, Mainwind+ proiektuan garatu diren teknologien ezarpenari esker %80ra arte murriztu ahalko dira geldialdiengatiko galera energetikoak, %30era arte jarduera handien maiztasunak eta %15era arte ikuskapen-orduak.

Mainwind+ proiektua, 6,5 milioiko aurrekontuarekin, Hazitek programaren barruan garatzen da. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailean estrategikoak diren industria-ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuei laguntzen die Hazitek programak, eta Euskadiko enpresek eta zentro teknologikoek hartzen dute parte.