BUELTATU

PROIEKTUAK

IK4-TEKNIKERek 11 patente sortu ditu berriztagarrien sektorean

Ezagutza bikaina, patenteek babestuta

Industriako Jabetza Intelektualaren eskubideen bidez, garapen, diseinu, asmakuntza eta abar berrien gaineko eskubideak baliarazi ditzakete pertsona eta entitate juridikoek. Hainbat tresna erabiliz babestu daitezke eskubide horiek; adibidez, industria-diseinuak, markak, industria-sekretuak edo patenteak erabilita.

IK4-TEKNIKERek, enpresen zerbitzura jarduten duen ikerketa-zentroa den heinean, bere ikerketa-jardueretan sortu duen ezagutza formalizatzea bilatzen du prozedura horien bidez. Formula horrek, alde batetik, burututako garapenen bikaintasun-maila aitortzea ahalbidetzen du, eta, bestetik, enpresen lehiakortasun-maila prozesuetan nahiz produktu berrietan hobetze aldera, hirugarrenei emaitza horiek erabiltzeko baimena ematea ahalbidetzen du, eta erabilera horri balioa ematea.

Energiaren eremuan zehazki, hainbat patente sortu ditu IK4-TEKNIKERek.  Inguruabarren arabera, patente horiek bezeroaren jabetzakoak izatera igaro daitezke, beste batzuk partekatutako jabetza bihurtzen dira, eta, gainerakoetan, banaka eusten zaio titulartasunari. Azken bi kasu horietan, patentea ustiatu nahi duten enpresekin lankidetzan aritzea bilatzen du IK4-TEKNIKERek.

Jarraian, IK4-TEKNIKERen ekarpenetik abiatuta sortu diren patenteen zerrenda jasotzen da:

  • "Heliostatoak kalibratzeko metodoa". Modu berritzailean jorratzen du aintzat hartzen ez den teknika bat, eta, teknika horri esker, eguzkiaren islapenak dorrearen hargailua joko duela ziurtatzen da.
  • "Eguzki-islagailurako ispilua eta mihiztadura-prozedura". Nabarmen hobetzen du eguzki-ispilu islatzaileen funtzionaltasuna.
  • “Method and device for ultrasonic cleaning”. Ultrasoinuetan oinarritutako garbiketa-sistema lehorra.
  • "Zikinkeria-sentsorea eta gainazal bateko zikinkeria-kopurua hautemateko prozedura". Eguzki-islagailuen gainazalean dagoen zikinkeria-maila linean kontrolatzea ahalbidetzen du.
  • "Gainazal islatzaileak egiaztatzeko gailua eta metodoa eta kalibratzeko metodoa". Sistema optikoetan oinarritutako irtenbidea da, eta kalitatea ziurtatzea du xede; bai ispiluen fabrikazioan, bai, muntaketa-prozesuan, heliostato-moduluen egiaztapenean.
  • “Coated glass for solar reflectors”. Zikinkeriaren aurkako estaldura, eguzki-islagailuen efizientzia luzaroan areagotzeko xedea duena.
  • “Sealed mechanical connection between glass and metal for receiver tubes used in solar plants”. Hodi-hartzaileak beiraz-metalez zigilatzeko irtenbidea ematen duen sistema.
  • “Solar thermal collector device”. Eguzki-hargailuen irtenbide berritzailea garatzen duen metodoa, tenperatura baxu eta ertaineko ezarpenetarako.
  • “Improved heat-transfer fluids”. 350 ºC arteko fluido bero-eroaleetarako formulazioa.
  • "Absortibitate-erregulazioarekin argia hartzeko gailua". Eraikin baten barrualdeko argitasuna eta fatxadan sartutako eguzki-kolektore termikoak hartutako energia aldi berean erregulatzea ahalbidetzen duen sistema.
  • "Fluidoak monitorizatzeko sistema, infragorri hurbileko espektroskopian oinarritutakoa" eta “Fluid Monitoring System”. Erabileran dauden olioen egoera linean hautemateari begirakoak.

Era berean, energia berriztagarrien sektorearekin zerikusia duten beste garapen batzuk ere babesten ditu IK4-TEKNIKERek, industria-sekretuaren bidez.

  • Alde bakarreko heliostatoa. Egungo irtenbideak hobetzeko xedea dauka; kostuak murrizten ditu, serieko fabrikazioa automatizatzen du eta muntaketa- zein doikuntza-lanak errazten ditu.
  • Xede optikoak dituzten estaldurak. Hodi-hartzaileetan emisibitate- eta absortibitate-ezaugarriak hobetzeari begirakoa.
  • Aerosorgailuak kontrolatzeko algoritmoak.