BUELTATU

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

Berrikuntza eta adimen lehiakorra, enpresako elementu estrategikoak

Espezialistaren ikuspegia:
Gorka Varela, IK4-TEKNIKEReko Berrikuntza eta Adimen Lehiakorreko koordinatzailea

Gero eta globalizatuagoa eta lehiakorragoa den merkatuan lehiatu ahal izateko, oinarrizko zutabeetako bat da berrikuntza.

Alabaina, enpresaren produktu edo proiektu berri baten arrakasta, hein handi batean, berrikuntza-prozesuan funtsezkoa den kontzeptu batean oinarritutako pentsaera eta jarduteko modua edukitzearen mende egongo da: adimen lehiakorraren mende, alegia.

Adimen lehiakorraren kontzeptua ezartzeak, bada, informazioa biltzeko, hautatzeko, prozesatzeko, aztertzeko eta banatzeko programa jarraituak egikaritzea dakar. Programa horiei esker, enpresek edo erakundeek aurrea har diezaiekete aldaketei eta joera berriei, eta, gainera, negoziorako aukerak identifika ditzakete, eta mehatxuak hauteman.

Bestalde, berrikuntza-prozesuaren funtsezko zatia da, erabakiak hartzeko prozesuak hobetzen laguntzen duelako eta produktu nahiz zerbitzu estrategikoen garapena orientatzen duelako.

Adimen lehiakorrak bilakaera handia izan du azken urteotan, eta UNE 166.006 arauak ("I+G+b-ren kudeaketa: zaintza teknologikoko sistema eta adimen lehiakorra" izenekoak) eduki dituen bertsioetan islatu da hori.

Arauaren lehenengo bertsioan (2006), "zaintza teknologikoa" terminoa bakarrik jorratzen zen, aurrerapen teknologietara bilduz gogoa, eta albo batera uzten ziren antolakundeentzat garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk.

2011ko eguneraketan, ordea, “zaintza teknologikoaz” gain, "adimen lehiakorra" terminoa sartu zen; izan ere, teknologiaz harago, kontuan hartu zen negozio-giroarekin, lehiakideekin eta antolakundearekin zerikusia duen guztia.

Gaur egun, araua eguneratzen ari dira, eta adimen lehiakorraren bilakaera bertan islatzea espero da: Sareko adimena, elkarlaneko adimena, Big Data eta abar.

Era berean, VISIO biltzarraren zazpigarren edizioa egingo da aurten. Bi urterik behin egiten da, EAEn, eta nazioarteko topaketa bat da. Bertan, adimen lehiakorraren eta zaintza teknologikoaren inguruko alderdiak partekatzen eta eztabaidatzen dira, profesionalen arteko topaketari laguntzen zaio, eta horien ezarpena sustatzen da.

Berrikuntzarako palanka

Adierazi dugunez, adimen lehiakorrak lotura estua dauka berrikuntzarekin; hala, prozesuak ez du tamaina handiko enpresen ondarea bakarrik izan behar: industria-ehundura osoan ezarri behar da. Gure inguruko enpresa gehienak ETEak eta mikroETEak dira, berrikuntza-programak garatzeko laguntza behar dutenak, baina beren neurriak ez dio berrikuntzaren sustapenari oztoporik jarri behar.

Informazioaren eskuragarritasunean aurrera egin denez, gero eta antolakunde gehiagok daukate adimen lehiakorraren gaineko interesa, baina ez da txertatzeko erraza, egunerokotasunean aplikatutako prozesu sistematikoa izateari dagokionez.

IK4-TEKNIKERek berrikuntzaren kudeaketan laguntzeko irtenbideak eskaintzen ditu; batez ere, arlo hauetan daude zentratuta:

Adimen lehiakorra/zaintza teknologikoa

Informazioa biltzeko, aztertzeko eta erabiltzeko prozesua zehazten eta sistematizatzen laguntzen duten sistemak garatzen ditu zentro teknologikoak, berrikuntza-prozesuaren barruan erabakiak hartzeko euskarria izan daitezen.

Enpresarentzat garrantzitsua den informazioa etengabe biltzea eta sistematikoki aztertzea da xede nagusia.

Zentzu horretan, adimen lehiakorraren prozesua Knowit izeneko elkarlaneko tresna teknologikoaren bidez ezartzea eskaintzen du IK4-TEKNIKERek. Erraminta horrekin, etengabe lor daiteke informazioa, eta sistematikoki aztertu.

Enpresa batean plataforma hori ezartzeko, lankidetza estua egon behar da, behar bezala funtzionatzen duela eta antolakunde bakoitzari egokitzen zaiola ziurtatzeari begira.

Diagnostikoa teknologikoa

Kanpo-ikuspegia emateko eta lehiakortasuna areagotzea ahalbidetuko duten hobekuntza-ekintzak zehazteko, diagnostiko teknologikoak egiten ditu IK4-TEKNIKERek, bai enpresa-mailan, bai lurralde-mailan.

Alde batetik, diagnostikoak, zeina zuzenean ezartzen den enpresetan, beharrak identifikatzen ditu, euskarria ematen dio berrikuntza-prozesuari, eta digitalizazio-planak aktibatzen ditu, lehiakortasun handiagoa lortzeko, prozesuak hobetzeko eta produktuetan nahiz zerbitzuetan berrikuntzak sartzeko asmoz.

Beste alde batetik, lurralde-ikuspegiarekin, analisi sektorialak, mapa industrialak, lurraldeko lehiakortasun-planak eta tokiko garapenarekin zerikusia daukaten bestelako jarduerak egitea da helburua.

Azken batean, berrikuntzaren kulturak eta adimen lehiakorrak zuzendaritzako tresna bihurtu behar dute, eta enpresaren arrakastari eta garapenari laguntzeko gai izan.