BUELTATU

ALBISTEAK

Aukera berriak osasun-sektorean

Osasun-sektorean negoziorako dauden aukerak hautemateko diagnostiko teknologikoa, Gipuzkoako enpresentzat

Zentro teknologikoak egin du proiektua, eta metalaren eta mekanizazioaren sektoreko enpresek errehabilitaziorako produktuak garatzeko dauzkaten aukeretan zentratu da, negozioa dibertsifikatzeko xedez.

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak merkatu-azterketa abiarazi zuen, negoziorako aukera berriak identifikatze aldera, metalaren eta mekanizazioaren sektoreko enpresa gipuzkoarrek beste jarduera-eremu batzuetarako produktuak (hala nola, osasun-sektorerako produktuak) garatzea izanik helburu nagusia. 

Azterketari ekiteko, Gipuzkoako osasun-ekosistema osatzen duten askotariko agenteak identifikatu ziren, eta errehabilitazioaren eremuetan dauden aukerak aztertu ziren bereziki.

Jarduera-esparrua mugatu zenez, gaur egun merkatuan dauden irtenbide teknikoei buruzko azterketa xehea egin ahal izan da, eta estali gabeko premiak nahiz artatu gabeko eskariak hauteman ahal izan dira.

Horretarako, hainbat agenteren laguntza jaso da; adibidez, erabiltzaileena, terapeutena, mediku errehabilitatzaileena eta hornitzaileena. Beren ikuspegia erantsi dute, eta lortu diren emaitzak interesgarriak izan direla baieztatu.

IK4-TEKNIKERek analisi zorrotza egin du identifikatutako produktuen diseinuaren eta fabrikazioaren bideragarritasun teknikoaren inguruan, eta merkatu potentzialak zein negozio-ereduak berrikusi ditu.