BUELTATU

ALBISTEAK

IoT nekazaritzako elikagaien sektorean produkzioaren efizientzia eta animalien ongizatea bultzatzeko

IoT teknologia nekazaritzako elikagaien industrian aplikatua

Informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilerak produkzio-sistemak eraldatu ditu, eta zubi bat ireki du garraioan, industrian, nekazaritzako elikagaien sektorean edo askotariko beste esparru batzuetan lehiakortasuna handitzen duten berrikuntza-planen aplikazioan aurrera egiteko.

Internetetik eratorritako teknologien eta 4.0 kontzeptuen erabilerak datuak biltzeko, prozesatzeko eta aztertzeko aukera ematen duten sentsorizazio-tekniken garapen handia eragin du.

Teknologia adimenduna duten hainbat objekturen arteko konexioan oinarrituta, Gauzen Internetek (IoT) hainbat gailuren arteko elkarreragina ahalbidetzen du eta, aldi berean, horien inguruarekin ere elkar eragiteko aukera ematen die.

Ildo horretan, IK4-TEKNIKER, beste aplikazio batzuen artean, IoT nekazaritzako elikagaien sektorean aplikatzeko helburua duten ikerketa-proiektuetan lanean ari da, hain zuzen ere sektoreko produktibitatea handitzeko, baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzeko eta azken produktuaren kalitatea hobetzeko.

Zehazki, zentro teknologikoa Internet of Food and Farm 2020 izeneko Europako ekimenean lanean ari da. Proiektuak 70 bazkide baino gehiago ditu, eta nekazaritzako elikagaien industrian teknologia digitalen ezarpena sustatzen duen berrikuntza-ekosistema eraikitzea du helburu.

Proiektuaren esparruan, 19 erabilera-kasu gauzatzen ari dira txerri- eta hegazti-haragiaren produkzioan, fruitu- eta barazki-laborantzan, esnekien produkzioan eta beste arlo batzuetan.

IK4-TEKNIKERek beste hiru bazkiderekin batera lan egiten du oilasko-haragiaren produkzioko kalitatea eta animalien ongizatea hobetzeko erabilera-kasu batean.

Zehazki, haztegietako oiloen hazkuntzako gako-parametro guztien analisian eta unean uneko monitorizazioan lan egingo da: janari eta ur kantitatea, pisuaren bilakaera, amonio-mailak, tenperatura eta hezetasuna, etab.

Era berean, hiltegirako garraio-faseko gako-parametroak monitorizatuko dira, ingurumen-sentsoreekin eta wearable gailuekin. Azken horien bitartez, animalien karga erregistratuko da eta ingurumen-datuak jasoko dira garraio-fasean zehar, gero hiltegiko kalitate-erregistroekin aztertzeko eta azken produktuaren kalitatea hobetzeko puntu kritikoak identifikatzeko.

Nekazaritzako elikagaien industrian teknologia digitalen erabilerak hainbat hobekuntza ekar ditzake, besteak beste efizientzia, produkzioa eta kalitatea areagotzea eta animalien ongizatea hobetzea, aldi berean baliabideen erabilera murriztuz eta optimizatuz.