BUELTATU

ALBISTEAK

Nerbio-sistema periferikoa birsortzeko biomaterial aurreratuak

Nerbio periferikoen birsorkuntzan aurrera egitea ahalbidetzen duten material biobateragarriak

Nerbio periferikoen birsorkuntzan aurrera egitea ahalbidetzen duten material biobateragarrietan oinarritutako inplanteak garatu ditu IK4-TEKNIKERek.

Nerbio-sistema periferikoaren eta birsorkuntza-mekanismoen konplexutasunak enigmatikoa izaten jarraitzen du zientziarako. Alabaina, birsorkuntza-medikuntzari aplikaturiko garapenaren eta ikerketaren alde jardun denez, aurrerapen nabarmenak egin dira lesioen ondoren nerbio eta neuronen funtzionamendua lehengoratzeko gai diren biomaterialen eta azken belaunaldiko fabrikazio-teknologien diseinuan.

Testuinguru horretan sortu da NEURIMP proiektu europarra. IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoa izan da buru ekimen horretan, eta material biobateragarriekin eta biodegradagarriekin egindako inplanteak garatu dira, nerbio periferikoa lehengoratzeari begirakoak. Ikerketaren emaitzak arrakastaz baliozkotu dira arratoien nerbio ziatikoaren eredu batean, zeina Toledoko Paraplegikoen Ospitale Nazionalak garatu duen.

"Inplanteak fabrikatzeko erabili diren biomaterialek lesionatuta dagoen eta inplantea jasoko duen nerbioaren ezaugarri mekanikoak imita ditzatela lortzea izan da proiektu honen lorpen nagusietako bat. Inplantearen hodia nerbioari finkatzen zaio, kaltetutako nerbioaren bi alboetan jostura eginez, eta, horrela, nerbio hori birsortzea errazten da. Gainera, inplantea organismoan biodegradatu aurretik leheneratzen dira funtzioak, kaltetutako nerbioaren birsorkuntza babestuz", adierazi du Santos Merinok, zentro teknologikoan proiektuaren ardura duenak.

Zehazki, hodi huts batek eta mikrokanalen edo zuntzen itxura duen barnealdeak osatzen dituzte inplanteak, eta, horrekin, neurona-zelulak ugaltzen dira kaltetutako nerbioaren albo batetik bestera.

"Eraketa geometriko horrek ahalbidetzen du zelulak nerbioaren faszikuluan bertan ugaltzea, eta, gainera, neuronen axoiak, ardatzak eta luzapenak (zeintzuen xedea nerbio-bulkadak zelula batetik beste batera eramatea den) kontrolik gabe haztea saihesten du", gaineratu du Merinok.

IK4-TEKNIKERen eginkizuna

Proiektua koordinatzeaz gain, zentroko gainazal-ingeniaritzaren eta fabrikazio aurreratuaren arloko espezializazioetan txertatutako teknologien garapenean zentratu du zentro teknologikoak bere jarduera, inplantea eratzen duen tutu-formako egitura (mikrokanalek osatua) optimizatzeko xedez. Jarduera horietan, besteak beste, eskala mikrometrikoko polimero-prozesatuak eta areto zurian egin behar direnak daude.

Euskal zentroak, era berean, partzuergoko beste erakunde batzuek sintetizatutako polimero sintetikoekin eta naturalekin egin du lan, baita bien arteko nahasketekin ere, eta material berrien ezaugarri biofisikoetara egokitu ditu mikrofabrikazioko teknologiak.

Beste bi patente

Proiektua garatzearen ondorioz, beste bi patente eskatu dira. Horietako bat Erresuma Batuan erregistratu da, eta nerbio periferikoak birsortzeko irtenbide gisa polimero natural jakin batzuk erabiltzera eta erabilera hori babestera dago zuzenduta.

Patenteen arloko Lankidetza Itunaren bidez izapidetu da bigarren patentea. Horrekin, herrialde ugaritan aldi berean eska daiteke babesa, eta biomaterialen, horien ezaugarrien, inplanteen fabrikazioaren eta "in vivo" baliozkotzearen arteko konbinaketa babestu nahi da.

Bigarren patente-eskaera sinatu duten erakundeek (horien artean, IK4-TEKNIKER dago) harremanak hasi dituzte tutu komertzialak fabrikatzen dituzten enpresekin, garapena partekatze eta elkarlanean aritzeko bideak aztertze aldera.