BUELTATU

ALBISTEAK

ULMA Handling Systems enpresak Knowit ezarri du

Knowit, giltzarria ULMA Handling Systems enpresaren estrategiarako

Antolakundearentzat garrantzitsua den informazioa etengabe biltzea eta sistematikoki aztertzea da xede nagusia, erabaki operatiboak eta estrategikoak hartzeko prozesuan erabiltzeko.

ULMA Handling Systems euskal kooperatibak (ULMA taldeko logistika-dibisioak), erabakiak maila operatiboan zein estrategikoan hobeto hartzeari begira, modu sistematiko eta efizienteagoan kudeatu nahi zuen merkatuko aurrerapenei eta bere jarduera arloari lotutako garapen teknologikoei buruzko informazioa.

Oñatiko enpresak ibilbide sendoa zuen egina adimen lehiakorraren eremuan, baina oraindik ez zuen ezarrita bere beharrei guztiz egokitutako sistema teknologikorik, informazioa kudeatzeari dagokionean. 

Hori dela-eta, kooperatiba elkarlanean hasi zen IK4-TEKNIKER zentro teknologikoarekin, Knowit elkarlaneko adimen-plataforma ezartzeko. Erakunde ikertzaileak garatu du Knowit, oso-osorik.

Entzute aktiboko lanak egitea, informazioa etengabe jasotzea eta bildutako datuak sistematikoki aztertzea ahalbidetuko zuen irtenbidea edukitzea zen xede nagusia, erabaki operatibo nahiz estrategikoak hartzeko prozesuan erabiltzeko.

Bi erakundeen arteko lankidetza-proiektua lehenengo fasearekin hasi zen. Bertan, xedeak, giza taldea eta bete beharreko eginkizunak zehaztu ziren.

Bigarren fasean, informazio-premien inguruko diagnostikoa egin zen, eta intereseko iturrien lehenengo zerrenda osatu. Iturri horiek berrikusi eta baliozkotu egin ziren, plataformara iristen zen informazioaren kalitatea zein kopurua egokitzeko asmoz.

Azkenik, sistema abiaraztea izan zen azken fasea.

Proiektuak, Knowit ezartzeaz eta abiarazteaz gain, ULMA Handling Systems enpresako langile inplikatuak prestatzeko prozesua ekarri du.