BUELTATU

ALBISTEAK

IK4-TEKNIKERi Zayer batu zaio erakunde kolaboratzaile gisa

Bi erakundeen arteko akordioa hitzarmena sinatu ondoren burutzen da

Zentro teknologikoak onura-programa berri bat jarri du martxan enpresa kolaboratzaileentzat.

Zayer SA makina-erremintako arabar enpresa bat da, fresatzeko makinetan eta CNC mekanizazio-zentroetan espezializatua, eta IK4-TEKNIKERi erakunde kolaboratzaile gisa batu zaio bi erakundeek oraintsu sinatutako hitzarmenaren bidez.

Makina-erremintaren sektoreko euskal erreferentzietako bat da Zayer. I+G+Baren aldeko apustu etengabea egin du, eta bere ekoizpenaren %70 baino gehiago esportatzen du. 165 langile ditu, eta erronka handiei erantzuteko moduko instalazioak (13 m-rainoko garaiera duten makinak eraikitzeko bestekoak).

Hitzarmen berriarekin, zenbait urtetako lotura teknologikoa indartu dute IK4-TENIKERek eta Zayerrek. Hala, beste lankidetza-alor batzuen artean, I+G+Bko plan estrategikoa finkatzen lagunduko dio zentro teknologikoak enpresari, eragile aditu eta antena teknologiko gisa jardunez.

Bestalde, IK4-TEKNIKERek erakunde kolaboratzaileentzat orain dela gutxi martxan jarri duen onura-programa berriaren babesa izango du Arabako enpresak. Programa horren bidez, hainbat enpresarekiko harreman estrategikoa indartzen da. Izan ere, hitzarmen bat sinatuta, denboran egonkorra den eta abantaila asko dituen I+G+Bko harreman eta lankidetza bat lortzen dute enpresa horiek.

IK4-TEKNIKERen programa horrek helburu nagusi hauek ditu: estrategia teknologikoak lerrokatzea, lankidetza-proiektuak bultzatzea eta garapenei buruzko informazio pertsonalizatua eta aurreratua izatea.

Erakunde kolaboratzaileek maila goreneko solaskideak izango dituzte IK4-TEKNIKERen, baita zuzendaritza nagusiarekin bi urtean behingo bileretara joateko aukera eta IK4-TEKNIKEReko patronatuko kide gisa erlazio organiko bat izatekoa ere. Hori guztia ez ezik, harremanetarako pertsona bat izango dute, KAM edo Key Account Manager bat, erakundearen eta EAEko zentro teknologikoaren arteko harremanaren ardura osoa izango duena.

Erakunde kolaboratzaileak, gainera, zenbait instalazio eta zerbitzu erabili ahal izango ditu bere proiektuetarako, aldez aurretik IK4-TEKNIKERekin koordinatuta eta lehentasunezko kondizioetan; adibidez, muntatze-lantegia, ultradoitasun-lantegia, gela zuria, bunkerra, auditoriuma eta bilera- eta batzar-gelak, baita zentroko halla bera ere, ekitaldiak egiteko erakusgela gisa.

Horrenbestez, enpresa hauek osatzen dute orain zentroaren erakunde kolaboratzaileen taldea: Aernova Aerospace, Alfa Lan, Doimak, Egile Corporation, Etxe Tar, Fagor Automation, Gamesa, Goialde, Goizper, Goratu, Ibermática, Jaureguizar, Kutxa, Lazpiur, Maser, Nivac, Ojmar, Pasaban, Zigor eta, jakina, Zayer.