BUELTATU

ALBISTEAK

Azken belaunaldiko HiPIMS teknologia plastikoa injektatzeko moldeetan

Balio erantsi handiko estaldurak HiPIMS teknologiaren bidez

IK4-TEKNIKER Europako HipIndMould proiektuan parte hartzen ari da; proiektu horren bidez, erabilera industrialera eraman nahi dira plastikoa injektatzeko moldeen estalduraren arloko azken aurrerapen teknologikoak.

Gero eta gehiago erabiltzen dira beira-zuntz ugari daukaten polimeroak, eta, halako polimeroekin, higadura- eta korrosio-arazo handiak izaten dituzte plastikoa injektatzeko moldeek. Geldialdiak eta mantentze-lanak ekoizpen-kostu osoaren %10 izaten dira. Bestalde, ekoitzitako piezak estetikoak izan daitezen, erabakigarria da moldearen gainazal-akabera; han hutsen bat gertatuz gero, baliteke injektatutako piezen %75 baztertu behar izatea.

Alor horretan, lurrun bidezko jalkitze fisikoak erabiltzen dira (PVD, physical vapour deposition). Prozesu horrek, mikrometro gutxiko lodiera batekin, hobetu egiten ditu moldearen ezaugarriak, eta, gainera, prozesu elektrolitikoen ordezko garbia da, ingurumenaren ikuspegitik. Hala ere, teknologia horren barruan, bada aldaera berri bat, etorkizun handikoa, HiPIMS izena duena (High Power Impulse Magnetron Sputtering). Hobekuntza nabarmenak dauzka estalduraren gogortasun, dentsitate eta gainazal-akaberan. Kalkuluen arabera, teknologia hori aplikatuta %20 luza liteke plastikoa injektatzeko moldeen balio-bizitza, eta prozesuen produktibitatea %10 hobetu. Une honetan, erronka batzuei aurre egin behar die teknologia berri honek, laborategitik ekoizpen industrialera salto egiteko.

IK4-TEKNIKERek FLUBETECH enpresarekin batera hartzen du parte Europako HipIndMould proiektuan (Optimized Industrial HiPIMS system for coating Plastic Injection Moulds). Proiektu horrekin, HiPIMS teknologia industrialki aplikatzea lortu nahi da hainbat sektoretan plastikoa injektatzeko erabiltzen diren moldeetan (automobilgintzan, osasungintzan, plastikozko ontzien sektorean).

Cristina Zubizarreta IK4-TEKNIKEReko ikerlariak dioenez, balio erantsi handiko estaldurak lortzen ari dira laborategian HiPIMS teknologiarekin, baina alderdi batzuk landu behar dira oraindik, erreproduzigarritasuna eta errepikagarritasuna bermatzen dituen prozesu industrial sendo bat lortzeko.

Proiektu honetan, HiPIMS teknologiaren inguruko punta-puntako ezagutza da IK4-TEKNIKERen ekarpena, bai ekipamenduen garapenean, bai moldeen estaldurak egiteko instalazio industrial bat sortzeko prozesuan.

HipIndMould proiektuaren lehen fasea joan den urrian hasi zen; 50.000 euroko aurrekontua du, eta bideragarritasun- eta negozio-plan bat egitean datza. Lehen urrats hori gainditutakoan, bigarren fase bati ekingo zaio. Bigarren fase horrek bi urte iraungo du; hartan, Europako funtsen ekarpena 1 eta 3 milioi euro bitartekoa izango da.