BUELTATU

PROIEKTUAK

Mantentze-lan industrialak: datuen analisia

Datu-analisia mantentze-lan prediktiborako eta health monitoringerako

Egoeran oinarritutako mantentze-lanei esker, gertatu aurretik hauteman daitezke hutsak, eta, hartara, mantentze-lanak une egokian eta era planifikatuan egin. IK4-TEKNIKERek laguntza teknikoa eskaintzen du datuen eta informazioaren analisiarekin erlazionatutako gai guztietan.

Produktibitate, malgutasun eta fidagarritasunaren arloetako beharrizan berrien ondorioz, enpresek beren prozesuak eta zerbitzuak hobetzeko estrategiak bilatzen dituzte, emaitzak maximizatzeko eta gastuak minimizatzeko. Horregatik ari dira aldatzen mantentze-lanak, negozio-eredu askoren funtsezko elementu bihurtzeraino. Mantentze-lanak BPGaren %9,4 dira, Espainiako mantentze-lanen elkarteak (Asociación Española del Mantenimiento, AEM) oraintsu egin duen azterketa baten arabera.

Industriako mantentze-lanetarako, estrategia-aukera bat baino gehiago erabil daiteke. Garrantzitsua da kasuan-kasuan egokiena zein den jakitea, behar diren baliabideak optimizatu behar baitira.

Mantentze-lan zuzentzaileak (zerbaitek huts egin arte itxaron) ez dira egokiak izaten sistema guztietan, dela geldialdiak garestiak direlako, dela konponketa garestia delako. Adibidez, jotzen da automobilgintzako fabrika baten geldialdia, batez beste, orduko 1-3 milioi euro kostatzen dela.

Horrenbestez, aukera zabalduena mantentze-lan prebentiboak sistematikoki egitea da; baina doikuntzak egitea edo sistema baten zenbait osagai sistematikoki aldatzea, hala nola olioa, garestia izan daiteke, eta, askotan, ez da eraginkorra.

Ikerketa batzuen arabera, mantentze-lan prebentiboen %30 ekidin litezke, eta beste %30 kaltegarria izan liteke ekipamenduarentzat, mantentze-lanek osagairen baten balio-bizitzari kalte egin liezaiokeelako.

Teknologien aurrerapenei esker, egoeran oinarritako mantentze-lanak ari dira zabaltzen. Akatsak gertatu baino lehen detektatzea da helburua, aurrez konpondu ahal izateko eta, hala, mantentze-lanak une egokian eta era planifikatuan egiteko.

Mantentze-lan prediktiboa

Ikuspegi horrekin, IK4-TEKNIKERek mantentze-lanen eta fidagarritasunaren inguruan egiten duen eskaintza teknologikoak enpresei laguntza teknikoa ematea du ardatz, haien aktiboen erabilgarritasuna eta fidagarritasuna handitzeko.

IK4-TEKNIKERek datuen eta informazioaren analisiarekin erlazionatutako gai guztietan ematen du laguntza teknikoa. Adibidez, mantentze-lanetako prozesuak hobetzeko aukeren identifikazioan eta erabaki operatiboak hartzen laguntzen duten teknologien erabileran. Eta badu, gainera, metodologia bat ulertzeko zein den aukera ekonomikorik onena hartu beharreko estrategiei dagokienez.

Mantentze-lan prediktiboa sustatu beharreko estrategietako bat denez, datu-meatzaritzako tekniken bidez lor daitezkeen erabilera-, errendimendu- eta egoera-datuak aztertzen dira, egoera normalekin alderatuta dauden anomaliak identifikatzeko, hutsen diagnostikoa eta pronostikoa egiteko lagungarriak gerta baitaitezke.

Health monitoringerako simulazioa

Hutsegite-egoerak ingurune kontrolatuetan simulatzeko aukera ematen duten saiakuntza-bankuak eta modelizazio-sistemak ere egokiak dira datuetatik ezagutza eta informazioa lortzeko.

Zeharkako neurketak erabiliz, hutsegiteak detektatzeko eta haien diagnostikoa eta pronostikoa egiteko behar diren datuak biltzen dira, eta ezin hobeto integra daitezke Health monitoring edo osasun-monitorizazioko sistemetan. Oso baliagarria da hori produktu berrietan edo landako neurketak probetarako egokienak ez diren produktuetan (sistema aeronautikoetan).

Lortutako informazio horrek guztiak, IKT teknologien ezagutzarekin batera, aukera ematen du aktiboen segimendua era kontrolatuan egiteko, cloud computing eta gauzen Internet kontzeptu berrietan oinarritutako software-sistemen bidez. Atal horretan, erabiltzaileei erabakiak bizkor hartzeko eta beren enpresako aktiboen analisia bizkor egiteko aukera emango dieten plataformak ari dira lantzen.

Arrakasta-kasuak

Hauek dira landu diren proiektuak edo lantzen ari diren proiektuen adibide batzuk:

Aeronautika-sektorean, eta, zehazki, IK4-TEKNIKERek Airbus, EADS, Gamesa, Eurocopter, Air France, Smiths Aerospace eta Snecmarekin batera egin zuen proiektu batean, hegazkingintza komertzialeko eta militarreko mantentze-lanen estrategia hobetzea zen helburua, aire-konpainia baten kostuen %20 ere izan baitaitezke mantentze-lanak. IK4-TEKNIKERek diagnostiko- eta pronostiko-teknologietako aditu gisa hartu zuen parte; lan horietan, oso garrantzitsua da fidagarritasun-teknikak ondo ezagutzea.

Ekipamendu-ondasunei dagokienez, energia-informazioa erabiliz makina baten osasuna monitorizatzeko eta ebaluatzeko gai den sistema txertatu bat diseinatu da. Informazio hori hainbat sentsoretatik (energia-sentsoreak, korronte-sentsoreak, etab.) eta makinatik lor daitezkeen datuetatik biltzen du.

Bestalde, seinaleak erabili nahi dira negozio-hobekuntza kudeatzeko, hiru kontzeptu hauetan oinarrituta: predikzioan oinarritutako mantentze-lanen estrategiak optimizatzea, energia ekoizpen-baliabide gisa kudeatzea eta fabrikatzaileei beren makinen erabilerari eta fidagarritasunari buruzko informazioa biltzen uztea. IK4-TEKNIKER da proiektu horren buru, eta makinen osasun-egoera ezartzeko algoritmoak garatzen ari da.

Energia eolikoaren sektorean, osagaiak monitorizatzeko sistema berriak eta mantentze-lan prediktiboak ari dira lantzen aerosorgailu eta parke eolikoen kudeaketara bideratuak. IK4-TEKNIKER hardware- eta software-teknologia berriak lantzen ari da, prozesu- eta kudeaketa-sistema aktiboen arloan gainbegiratzea modelatu eta automatizatzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko. Horretarako, sistemak modelatu behar dira, eta haietan kontuan hartu behar dira ezaugarri fisikoak, egoeraren joerak eta parametroak, datu-patroiak eta/edo historien ezagutza teknikoak.