BUELTATU

ALBISTEAK

Pertsonen eta roboten arteko interakziorako teknologia

Pertsonekin interakzio naturala izateko gai den robot gidari bat

IK4-TEKNIKERek robot gidari bat garatu du, gai dena hainbat mekanismoren bidez, hala nola ahots-sintesia, ukipen-pantaila eta argiztapena, pertsonekin interakzioan aritzeko.

Robotak beren ezaugarrietara bereziki egokituta ez dauden inguruneetan integratzen hasi dira. Inguruok hasiera batean ezezagunak dira robotarentzat, etengabe aldatuz doaz, eta pertsona ugarirekiko interakzioguneak izaten dira.

Gaur egun, ez da arraroa robotak topatzea ospitaleetan, museoetan edo baita gure etxeetan ere, etxeko lanetan laguntzen.

Hori dela eta, IK4-TEKNIKERek aktiboki lan egiten du zerbitzu-robotikara aplikatutako irtenbide berritzaileak garatzen, arreta berezia jarriz funtsezko alderdietan, hala nola pertsonen eta roboten arteko interakzioan.

Bere zerbitzu-robotikako azken proiektua den robot gidarian, IK4-TEKNIKERek oso kontuan izan du kontzeptu hori. Izan ere, robota pertsonekin interakzio naturala izateko diseinatua da, hau da, pertsonen presentzia detektatzeko eta portaera egoeraren arabera egokitzeko.

Robotak interakzio multimodaleko mekanismoak eskaintzen ditu hainbat elementu konbinatuz.

Kolore desberdinetako argiak ditu, zein egoeratan dagoen errazago interpretatzeko. Horretarako, robotak bi led-matrize dauzka txertatuta begiak simulatzeko, eta, oinarriaren behealdean, led-sorta bat robotaren aura markatzeko.

Ahots-sintesiaren bidez, aurrez definitutako mezu batzuk ematen ditu robotak, egoeraren araberakoak, eta, pertsonak detektatzeko funtzionalitatearen bidez, interakzioan hasten da pertsona baten presentzia detektatzen duenean.