BUELTATU

ALBISTEAK

Visual Servoing teknologia, robot industrialen mugimenduak zuzentzeko

Ikusmenean oinarritutako teknologiaren garapena, roboten mugimenduak gidatzeko

2D eta 3D motako kameren bidez jasotako informazioaren bidez robot industrialen mugimenduak gidatzea ahalbidetzen duen teknologia garatu du IK4-TEKNIKERek.

Hainbat industria-sektoretan egiten diren muntaketa- eta desmuntaketa-lanak, orokorrean, pertsonek kontrolatzen ez dituzten inguruneetan egiten dira, eta piezak eta elementuak ez dira beti modu berean kokatzen. Horrek haien manipulazioa zailtzen du.

IK4-TEKNIKERek aktiboki lan egiten du robotika industrialaren gaur egungo erronkei aurre egiteko teknologia garatzen, eta hainbat sektore industrialetan automatizazio malgua ahalbidetzeko irtenbideak bilatzen.

Lantzen ari den teknologia bat Visual Servoing da. X-ACT proiektuaren barruan ari da garatzen —IK4-TEKNIKERek parte du proiektu horretan—, eta Position Based Visual Servoing paradigman oinarrituta dago eye-in-hand konfigurazio batekin (kamera robotaren besoan kokatuta dago).

Teknologia horren bidez, robotaren mugimenduak 2D eta 3D motako kameretatik jasotako informazioan oinarrituta planifika daitezke. Sentsoreak hartutako irudiak biltzen ditu sistemak, ikusmen artifizialeko hainbat teknika erabiliz analizatzen ditu, eta eskuratutako informazioa robotaren mugimenduak eta ibilbideak kontrolatzeko, zuzentzeko eta doitzeko erabiltzen ditu.

Hala, mugitzen ari den objektu baten segimendua egin daiteke edo robota doitasunez koka daiteke aurrez jakin ez arren objektua nola kokatuko den espazioan, eta, hala, muntaketa doitasunez egin daiteke.