BUELTATU

PROIEKTUAK

IK4-TEKNIKERek robot gidari bat erabiliko du BIEMHn, bere standa aurkezteko

Teknologia robotikoa askotariko ingurunetan laguntzen duten robot berri laguntzaileak sortzeko

Robota, zeinak bisitariak gidatuko baititu IK4-TEKNIKERen standean, zentroak zenbait teknologia robotikotan duen espezializazioaren erakusle bikaina da.

Robotak fabriketatik irteten ari dira. Dagoeneko ez da arraroa robotak topatzea ospitaleetan, museoetan edo baita geure etxeetan ere, non etxeko lanetan laguntzen baitigute.

Merkatu hori handituz doala jabeturik, IK4-TEKNIKERek zerbitzu-robotikako bere azken garapenaren esku — robot gidariaren esku, alegia— utzi du bere burua aurkeztea Makina Erremintaren Biurtekoan, ekainaren 2tik 7ra, BECen, Barakaldon. Robotak berak gidatuko ditu bisitariak IK4-TEKNIKERen standean, zentroak hainbat teknologia robotikotan duen espezializazioaren erakusle bikaina baita.

Nabigazio autonomoak robot gidari honi inguru konplexuetan, pertsonak dauden inguruetan, mugitzeko gaitasuna ematen dio, kanpotik gidatu beharrik izan gabe. Horregatik, gai da bere ezaugarrietara bereziki egokitu gabeko inguruneetan nabigatzeko. Inguruok, hasiera batean, ezezagunak dira robotarentzat, etengabe aldatuz doaz, eta pertsona ugari dabiltzan inguruak dira.

Pertsonekin interakzioan

Informazio sentsorialeko hainbat iturri fusionatuz pertsonekin interakzioan aritzeko diseinatuta dago robota, baina haren sistemak, bereziki, segurtasuna bermatzeko daude pentsatuta. Alderdi hori funtsezkoa da zerbitzu-robotikan, robotek pertsonak dauden lekuan mugitu behar baitute, eta haiekin modu seguruan aritu behar baitute interakzioan.

Segurtasuna

Robot gidariak hainbat mailatako segurtasun-mekanismoak ditu. Larrialdiko geldialdiaren sistemaz gain, ukipen-sentsoreen sistema bat du, robotak elementu edo pertsonaren baten kontra jotzen duenean aktibatzen direnak. Sistemak robota gelditzen du, eta berriro aktibatzen da kontaktua sentitzeari uzten dionean.

Robotikako ikerketa

Robot horren unitate bat, kTBot izenekoa, Eureka! museoan dago iaztik, eta bisitariei harrera egiten die, aretoetan barrena gidatzen ditu, eta modu autonomoan nabigatzen du pertsonekin interakzioan arituz.

IK4-TEKNIKEReko Sistema Autonomo eta Adimendunen Unitateak esperientzia zabala du irtenbide robotikoak garatzen, eta, gaur egun, Europako bost proiektutan dihardu robotikaren arloan. Horrez gain, euRobotics aisbl-en zuzendaritza-batzordeko kide sortzailea da, IK4 Aliantzaren ordezkari gisa. Europako Batzordeari ikerketa robotikoari buruzko aholkuak ematen dizkion erakundea da euRobotics aisbl.