BUELTATU

PROIEKTUAK

Makina erremintarako metrologia aurreratua

Makina-erreminten eta koordenatu bidez neurtzeko makinen egiaztapen eta konpentsazio bolumetrikoa

Laser Tracker eta Laser Tracer-ean oinarritutako neurketa-sistema doitasun handiko metodoa da, eta aukera ematen du makina-erreminten edo koordenatuen bidez neurtzeko makinen posizionamendu-sistema automatikoen posizio eta orientazio espaziala hainbat distantzia irakurriz bakarrik neurtzeko eta zuzentzeko.

IK4-TEKNIKERek enpresa industrialentzako Egiaztapen eta Konpentsazio Bolumetrikoaren Zerbitzuan erabiltzen duen teknologia aurreratua erakutsiko du Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoan, ekinaren 2tik 7ra, BECen, Barakaldon.

Euskal zentro teknologikoaren metrologia-zerbitzua elkarlanean aritzen da metrologiaren sektorean erreferentzia diren nazioarteko enpresa handi batzuekin; hau da, Alemaniako Zeiss eta Etalon enpresekin.

Makina-erremintek nahiz koordenatu bidez neurtzeko makinek, halabeharrez, berezko desbideratzeak dituzte, makinaren osagaien fabrikazio zehaztugabeen, pieza funtzionalen higaduraren (lasaiera), erregelen irakurketa-erroreen, egituraren deformazio elastikoen eta abarren ondorioz.

Zehaztugabetasun geometriko horiek makinaren posizionamendu-doitasunean eta orientazioan eragiten dute, eta ondorioz, haiek erabiltzeko doitasunean. Beraz, oso garrantzitsua da desbideratze geometriko horiek neurtu eta zuzendu ahal izatea, horrelako sistemen gaitasunak (fabrikazioa, neurketa) optimizatzeko.

Metodo berritzaileak

Historikoki, makinaren errore geometrikoak ardatz guztietan modu independentean karakterizatzeko aukera ematen duten neurketa-teknikak erabili dira. Metodo horiek makinaren egiaztapen-denborak luzatzen dituzte, eta, gainera, beti ez dira behar bezala egokitzen gaur egungo egiaztatze-beharretara, eta mugak dituzte makinen errore bolumetrikoak zehazteko, batez ere haien dimentsioak direla eta.

Laser Tracker eta Laser Tracer teknologien bidezko neurketa-makinen eta makina-erreminten egiaztapen- eta konpentsazio-zerbitzua doitasun handiko metodoa da, eta aukera ematen du makina-erreminten edo koordenatuen bidez neurtzeko makinen posizionamendu-sistema automatikoen posizio eta orientazio espaziala hainbat distantzia irakurriz bakarrik neurtzeko eta zuzentzeko.

Egiaztapen sekuentzial bat egin daiteke, edo denbora errealean neurtu hainbat neurketa-ekiporen neurketak bat eginda.

IK4-TEKNIKERek eskaintzen duen zerbitzu hori merkatuaren eskakizunen eskariari erantzuteko sortu zen, hala nola dimentsio handiagoko piezen, fabrikazio-perdoi estuagoen eta prestazio handiagoko makinen eskariari. Gaur egungo ISO 10360-2 eta ISO-230-2 araudiei ere erantzuten die.