BUELTATU

ELKARRIZKETA

“IK4-TEKNIKER, enpresen lehiakortasuna hobetzeko aukera teknologikoa da”

Luis García TBN-Ingeniería del Mantenimiento aldizkariko zuzendaria

Luis Garcíak lubrifikazio-sektoreari buruzko Espainiako informazio-iturri nagusietako bat zuzentzen du: TBN aldizkaria. Elkarrizketa honetan, sektore horretako Espainiako enpresek krisiari nola erantzun dioten azaltzen du Garcíak, eta adierazten du lubrifikazioan dauden azken joerak industriarentzako lehia-aukera direla.

1.- TBN-Ingeniería del Mantenimiento aldizkariak sektoreari nobedade guztien berri ematen laguntzen du. Zenbateraino ezagutzen dituzte lubrifikazioaren azken joerak Espainiako enpresa industrialek?

Hain zuzen, TBN-Ingeniería del Mantenimiento aldizkariaren helburua da enpresek eta erakundeek gauzatutako berrikuntza-estrategiak eta -prozesuak gerturatzea. Eta horri eragile zientifikoen —esaterako, unibertsitateen eta zentro teknologikoen— lankidetza gehitzen badiozu, aldizkari hau teknologiari buruzko ezagutza gizarteari transferitzeko bide egoki bihurtzen da. Beraz, argitaratzearen helburua da kanpoan egiten denaren ezagutza-iturri izatea enpresen berrikuntzarako, esku hartzen duten eragileen elkarlana eta lankidetza bultzatuz.

Gaur egun, ikusten da maila profesionalean lubrifikatzaileak gero eta gehiago ezagutzen direla, eta, pixkanaka-pixkanaka, industriek interes handiagoa dutela hobekuntzak egiteko bai lubrifikazioaren alorrean (olio sintetikoak, sentsoreak, olio-analisiak, etab.), bai lubrifikazioari buruzko trebakuntza espezifikoan.

2.- Zer diagnostiko egingo zenuke Espainian sektoreak duen garapen- eta espezializazio-mailari buruz, beste herrialde batzuetan dutenarekin konparatuta?

Espainiak maila altua du lubrifikatzaileen fabrikazioan eta kalitatean. Izan ere, nazioarteko merkatuan nagusi diren lubrifikatzaileak ditu. Teknika erabilgarri onenak (TEO) nagusitzen dira, ez ekipo eta prozesuen hautaketari dagokienez bakarrik, baita instalazio horien funtzionamenduari dagokionez ere. Nabarmentzekoak dira lehengaiak eta energia-efizientziako prozedurak hobeto erabiltzea, sortutako hondakin-kantitatea eta emisioen bolumena murriztea, istripuak prebenitzeko eta substantzia arriskutsuen maneiuari buruzko alderdiak, eta aurrerapen zientifikoak eta teknologikoak diseinuetan eta funtzionamenduan sartzea.

Oro har, Espainian ezarri diren doitze- eta austeritate-politika ekonomikoek lubrifikatzaileen barne-eskariaren beherakada eragin dute, eta joera hori errepikatzen ari da azken urteetan. Horren aurrean, Espainiako sektoreko enpresa askoren erantzuna izan da atzerrirako esportazioak indartzea, barne-merkatuko beherakada horiek konpentsatzen saiatzeko.

Pentsatu daitekeenaz bestela eta pairatzen ari garen krisi ekonomiko hau kontuan hartuta, ASELUBEk (Espainiako Lubrifikatzaileen Elkartea) adierazi du sektore gehienetan ez dela ahuldu kalitateko lubrifikatzaileen eskaria, eta gorantz jarraitzen duela balio erantsi handiagoko (oinarri teknologiko handiagoa eta teknologia-, ikerketa- eta garapen-eskakizun handiagoa) lubrifikatzaileen —sintetikoak eta erdisintetikoak— kontsumoak oinarri mineraleko lubrifikatzaileen aurrean. ASELUBE elkarteko kideek funtsezkotzat jotzen dute nazioarteko kalitate-ziurtagirien alorrean lortu duten posizio sendoa.

3.- Espainiako industriaren lehiakortasuna hobetzea sustatzen saiatzen ari dira erakundeak. Nola lagundu dezakete helburu hori lortzen mantentze-lanek eta, zehazki, lubrifikazioak?

Zalantzarik gabe, Espainiako industrien lehiakortasunaren hobekuntza oso estu lotuta dago mantentze-lanekin, eta, gure kasuan, lubrifikazioarekin. Ekipo bat matxuratzen edo hausten denean edo ezin denean erabili, eten egiten dira diru-sarrerak, eta, horrez gain, ekoizteko baliabiderik gabe gelditzen da enpresa, eta, beraz, ezin du merkatuan fakturatu ekoitzitako produktua edo lehengaia. Lortu gabeko irabazi deitzen zaio horri, eta, askotan, egin den kaltea (ekipo berriaren edo konponduaren prezioa) baino handiagoa izan daiteke. Halakoetan, ekipoan gorabehera gertatu denetik kaltea konpondu arte igarotzen den denboraren mende egongo da berriro etekin ekonomikoa sortzen hastea.

Horrez gain, ezinbestekoa da azpimarratzea alderdi energetikoak lehiakortasunean duen garrantzia. Erraz egiazta eta neur daiteke mantentze-lanak bikain eginez gero energia-efizientzia lortzen dela, gas kaltegarrien emisioak murrizten direla, erregaietan aurrezten dela, gehiegizko energia-kontsumoak kontrolatzen direla (zeinak, bide batez esanda, egunero askoz handiagoak baitira) eta ekipoen bizi-zikloa luzatzen dela.

Ingurumen- eta lege-betebeharren kontzientzia eta betetzeko beharra gero eta gehiago hartzen dira lehiakor izateko nahitaezko balio gisa. Eta pentsamolde-aldaketa hori ezinbestekoa da merkatu orokorretan lehiatzeko.

4.- Duela urte batzuk arte, lubrifikazioaren nazioarteko merkatuan enpresen artean tentsioa sumatzen zen zer eskaini erabakitzeko, produktu-aukera osoa edo hobi batzuetan kontzentratua. Zer norabide hartu dute Espainiako enpresek?

Aurrez azaldu dugun bezala, barne-eskaeraren beherakadaren ondorioz, Espainiako enpresak nazioarteko merkatuetarako esportazioak handitzeko ahaleginak egiten ari dira. Kanpo-merkatuko hobi espezifikoetara esportatzen dute, adibidez, hauetara: trenbideen sektorea, energia eolikoarena, eguzki-energia termikoarena eta abar.

5.- Sektorearen behatzaile pribilegiatuaren ikuspegitik, zure ustez nola lagundu dezake IK4-TEKNIKER bezalako zentro teknologiko batek lehiakortasuna hobetzen, lubrifikazioaren ikuspuntutik?

Oraindik asko dago egiteko lubrifikazioak industrietan lehiakortasuna hobetzeko duen funtsezko zereginari buruzko sentsibilizazioan. Eta IK4-TEKNIKERek lan handia egin dezake testuinguru horretan. Lan horrek ezagutza norabide guztietara iristea erraztuko du, eta aukera emango du industrientzat beharrezkoak diren ikerketa- eta garapen-lerroak sustatzeko datuak eskuratzeko eta eskaintzeko.

Bestetik, puntako zentro honen ahalmen teknologikoa aukera ezin hobea da lehiakortasuna hobetzeko asmoz lubrifikazio-produktuak edo prozesuak ikertzeko eta garatzeko baliabideak behar dituen edozein enpresarentzat.