BUELTATU

ALBISTEAK

Eguzki-energia aprobetxatzeko teknologia berriak aztertzen ari dira EB, Maroko eta Egipto

Heliostato-kontzeptu berriak garatzeko eta ispilu islatzaileen propietateak eta iraunkortasuna hobetzeko kontzeptu berriak garatzen jardungo du IK4-TEKNIKERek

EUROSUNMED proiektuak 5.300.000 euroko aurrekontua du, eta eguzki-energia berriztagarrien alorreko hiru eremu hauetan teknologia berriak garatzea du helburu: energia fotovoltaikoa, eguzki-energia kontzentratua (CSP) eta sareko integrazioa.

Eguzki-energia biltzeko, metatzeko eta banatzeko teknologia, dagoeneko, ez da gauza berria. Teknologia horrek, ordea, oraindik gastu handia du, eta, horrexegatik, kostuak jaitsi behar dira eguzki-energia munduan lehiakorra izan dadin eta, hala, etorkizuneko industria bat sortu ahal izateko.

Testuinguru horretan sortu da EUROSUNMED proiektua, VII. Esparru Programaren barruan, 5.300.000 euroko aurrekontuarekin. Proiektuan, Europar Batasuneko erreferentziako 17 ikerketa-zentroren eta unibertsitateren partzuergo batek parte hartzen du. Haien artean, IK4-TEKNIKER eta Egiptoko eta Marokoko erakundeak daude, besteak beste. Frantziako Ikerketa Zientifikoen Zentro Nazionala (CNRS) da ekimenaren burua.

Proiektuan, Mediterraneoko herrialdeen kondizio espezifikoetan (eguzki-erradiazioa, klima lehorra, hautsa...) funtzionatzeko gai diren osagai berritzaileak probatuko dira, hala nola zelulak eta heliostatoak.

Ekimen honetan, IK4-TEKNIKERen zeregina izango da eguzki-energia termikoko sistemen (eguzki-energia kontzentratua edo CSP) kostuak murrizten saiatzea heliostato-kontzeptu berriak garatuz eta ispilu islatzaileen propietateak eta iraunkortasuna hobetuz.

Lankidetza

Proiektuaren emaitzek teknologia fotovoltaikoa, eguzki-energia kontzentratua (CSP) eta sareko integrazioa ikertzeko eta garatzeko jarduerak sustatuko dituzte Europar Batasunean, Egipton eta Marokon. Estrategiak ezarriko dira Marokoko eta Egiptoko sareetako energia orekatzeko, eta epe luzerako lankidetza-kanalak sortuko dira EBren eta Afrikako iparraldeko herrialde horien artean.

Topaketa

2014ko apirilaren 7tik 11ra bitartean, proiektuko kideek eguzki-energia kontzentratuari, energia-metatzeari eta sareko integrazioari buruzko tailer batean parte hartuko dute Rabaten (Maroko). Ekitaldi horretan, IK4-TEKNIKERek hiru txosten aurkeztuko ditu: eguzki-energia kontzentratuari buruz, elektrizitatea metatzeko sistemei buruz eta beroa metatzeko sistemei buruz.

EUROSUNMED is a project funded by the European Commission under the ENERGY theme of the 7th Framework Programme (FP7-ENERGY).