BUELTATU

PROIEKTUAK

Lubrifikazio industriala: planifikatzeko, monitorizatu

Atten2 enpresak, IK4-TEKNIKERen spin-offak, OilHealth® merkaturatzen du, olioaren degradazio-maila online monitorizatzeko

Atten2 enpresak, IK4-TEKNIKERen spin-offak, OilHealth® sentsorea merkaturatzen du, zeinak olioaren degradazioaren benetako egoera monitorizatzen baitu eta lubrifikatzaile-aldaketa planifikatzeko eta optimizatzeko aukera ematen baitu.

Azken urteotan, asko aldatu dira lubrifikatzailearen egoera neurtzen duten parametro askoren neurketa-sistemak. Gaur egun, olioak analizatzeko laborategiek gaitasuna dute olioen parametro fisiko eta kimikoei buruzko informazioa emateko, eta haiei esker, olioaren osasun-egoera orokorra jakin daiteke eta funtzionamendu-akatsak diagnostikatu, pertsonetan odol-analisiekin egiten den bezala. Ekipoetatik ateratako lubrifikatzailea analizatzen dute laborategiek, haren egoera ebaluatzeko.

OilHealth® sentsorea IK4-TEKNIKERen spin-off den Atten2 enpresak merkaturatzen du, eta hau du helburu: online monitorizatzea olioaren benetako degradazio-egoera. Hala, ekipoetan olio-aldaketa objetiboki planifikatzeko datuak eskuratzen ditu; adibidez, biderkagailuetako edo turbinetako olioa aldatzeko. Izan ere, horrelako ekipoetan lubrifikatzailea aldatzeko prozesuak zailtasunak izaten ditu, bai olio-bolumen handiak maneiatzeko, bai olioa birjartzeko (arazo logistikoak).

Olioaren degradazio-maila haren analisi espetroskopikoaren bidez neurtzen da. Neurtutako espektro hori analizatutako olio lubrifikatzailearen degradazio-egoerarekin korrelazioan dago, eta olio lubrifikatzaileari gelditzen zaion biziari buruzko informazio fidagarria ematen du denbora errealean.

OilHealth®, olioaren degradazioa monitorizatzeko sentsore bat

OilHealth®, izenak dioen modura, olio lubrifikatzailearen "egoera" monitorizatzen duen sentsore bat da. Olioaren espektroa lortzen duen sentsore optiko bat da, eta, Atten2-k garatutako algoritmo baten bidez, espektro hori eta olioaren erreferentzia komertziala degradazio-mailarekin korrelazioan jartzen ditu.

Algoritmo hori garatzeko, IK4-TEKNIKERen olio-laborategian analizatu diren olio ugariren milaka lagin erabili dira. Sentsoreak neurketa zehatzak egiten ditu; horri esker, lubrifikatzailearen degradazioari buruzko iragarpenak erraz egin daitezke.

Bestetik, degradazioaren bilakaerak anomaliak daudela adieraz dezake, eta, horrela, anomalia horiek eragin dituen arazoa konpontzeko neurriak har daitezke. Arazo horietako batzuk hauek izan daitezke: kanpoko kutsadura, edo makinak gaizki funtzionatzea eta, ondorioz, degradazio-prozesua bizkortzea.

Sentsore honen balio bereizgarria da erabiltzeko eta instalatzeko erraza dela, hainbat gailutarako erabiltzen den Plug and Play terminoak ederki adierazten duenez. Bestalde, olioaren degradazio-maila etengabe monitorizatzen du, eta ekipoen mantentze-lanak hobeto planifikatzeko datu objektiboak lortzen ditu, denbora errealean. Planifikazio egoki bat egiteko aukerak merkatu egiten du olio-aldaketa eta kalte ekologiko txikiagoa eragiten du, lubrifikatzailearen bizi osoa aprobetxatzen baita.

Produktu horretaz gain, OilWear® izeneko beste sentsore bat garatzen ari da Atten2, olioaren partikula-edukia monitorizatzeko, eta laster merkaturatuko da, OilHealth® sentsorearen osagarri.