BUELTATU

ALBISTEAK

EGILE Corporation XXI, S.L. IK4-TEKNIKERen erakunde kolaboratzaile berria

Bi erakundeek elkarrekin duten harremana sakonduko dute, EGILE taldeko produktuen eta zerbitzuen lehiakortasuna etengabe eguneratuta izateko

Egile Corporation XXI, S.L.k hitzarmen bat sinatu du zentro teknologikoaren erakunde kolaboratzaile gisa, bere enpresetako I+Ga sustatzeko.

Goi-teknologiako EGILE enpresa-multzoak (Mendaron du egoitza, Gipuzkoan) hitzarmen bat sinatu du IK4-TEKNIKERen erakunde kolaboratzaile gisa. Hitzarmen horren bidez, bi erakundeek elkarrekin duten harremana sakonduko dute, talde teknologikoko produktuen eta zerbitzuen lehiakortasuna etengabe eguneratuta izateko.

EGILEren espezializazioak dira, besteak beste, ultradoitasunezko fabrikazioa eta aeronautika. Horrenbestez, haren jarduera erabat bat dator zentro teknologikoaren eskaintza teknologikoarekin, zeinaren espezialitateak baitira, esaterako, fabrikazio-teknologiak edo manufacturinga.

Erakunde kolaboratzaile izateak, iraupen mugagabearekin, abantailak ditu EGILE Corporation XXI, S.L. taldearentzat; esate baterako, lankidetza estuko harremana izango du IK4-TEKNIKER erreferentziako zentro teknologikoarekin eta harreman zuzena izango du EGILEren jarduerarako garrantzitsuenak diren ikertzaileekin. Horrez gain, zentro teknologikoarekin bilera estrategikoak erregulartasunez egitea sustatuko da, zentroak taldea osatzen duten enpresen beharretara bidera ditzan bere ikerketa-lerroak.

Lankidetza estrategikoa

Hitzarmena sinatuz, IK4-TEKNIKERek konpromisoa hartu du EGILEren I+Gko plan estrategikoa definitzen laguntzeko, EGILEk hala nahi badu, teknologietako kanpo-eragile gisa eta antena teknologiko gisa. Bi erakundeek uste dute lankidetzak balio izango duela produktuak garatzeko edo prozesuak hobetzeko aukera berriak aurkitzeko.

Alejandro Bengoa IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusiaren arabera, “zer teknologiatan eta zer sektoretan diharduen kontuan hartuta, EGILE Corporation XXI, S.L.ek izugarrizko potentziala du IK4-TEKNIKERentzat; beraz, zentroak buru-belarri jardungo du enpresa-talde horretara zuzendutako proiektu eta proposamenetan”.

Halaber, lankidetza-hitzarmenean jasotzen da Egile taldeko enpresek IK4-TEKNIKERen abangoardiako azpiegiturak —gela zuria, laborategiak edo erakusgelak— erabiltzea.