BUELTATU

ALBISTEAK

IK4-TEKNIKERek RSSak sortzeko luzapen bat garatu du Google Chromen

Google Chrome nabigatzailerako luzapen bat garatu du zentro teknologikoak, bezeroei zaintza teknologikoa errazteko

Edukietara harpidetzeko zerbitzurik eskaintzen ez duten webguneen RSS kanalak sortzeko diseinatu da aplikazioa.

Zentro teknologiko bat den aldetik, IK4-TEKNIKERek berrikuntza teknologikoaren mugan kokatzen du bere jarduera. Hori dela eta, duela hamarkada bat baino lehenagotik, zaintza teknologikoko lanak egiten ditu, erakundearen gaitasunak beti egunean eta beti lehen lerroan mantentzeko ezinbesteko lana baita.

Horretaz gainera, zentro teknologikoak garatu duen zaintza-prozesua eta plataforma ezartzeko laguntza ematen die bezeroei, gaur egungo ingurune orokor aldakorra eta berrikuntza-prozesu jarraitua kontuan izanda, erakundeek lehen eskutik izan dezaten beren jarduera-sektorean sortzen diren ekintza eta berrikuntza guztien berri.

Plataforma horren gaitasuna handitzeko, IK4-TEKNIKEReko ikertzaileek Google Chrome nabigatzailerako luzapen bat garatu dute: eaSync (Easy Syndication Creator). Edukietara harpidetzeko zerbitzurik eskaintzen ez duten webgune interesgarrien RSS kanalak sortzeko berariaz diseinatutako luzapena da. Horri esker, azken berrikuntzei buruzko informazioa monitorizatu ahalko dute erakundeek.

Luzapena lortzeko, Google Chrome Storetik instalatu besterik ez da egin behar. Aplikazioan izena ematen duten erabiltzaile guztientzat luzapena doakoa da.

Helburua da IK4-TEKNIKERen bezeroek luzapen hori beren lehiakortasuna handitzeko aprobetxatu ahal izatea Interneten beren beharrei buruz dagoen informazioa unean-unean izanez.

Arazo batentzako irtenbidea

Gaur egun, zaintza teknologikoaren prozesuaren zati bat automatizatzeko gehien erabiltzen den tresnetako bat webguneek eskaintzen dituzten jarioak edo RSS kanalak dira. Zoritzarrez, ez dituzte orri guztiek kanal horiek. Hori dela eta, edukietara harpidetzeko zerbitzurik eskaintzen ez duten webguneen RSS kanalak sortzea errazteko diseinatu da Google Chromerako Easy Syndication Creator (eaSync) luzapena.

Kanal horiek sortzeko Interneteko irtenbideak egon arren, IK4-TEKNIKERek bere irtenbide propioa diseinatu du, zaintza teknologikoko bere plataformako bezeroen beharretara egokitua. eaSync-ek aukera ematen die enpresa txiki eta ertainei erabilera-aditurik behar ez duen oinarrizko tresna bat edukitzeko. Erabiltzaileak ez du inolako programazio-lengoaiarik jakin behar, luzapena, merkatuan dauden antzeko tresna batzuk ez bezala, laguntzaile erraz baten bidez lan egiteko prestatuta baitago. Horregatik, edozein erakundek, edozein tamainatakoa dela ere, erabil dezake.

eaSync luzapena deskargatu