BUELTATU

ALBISTEAK

Stirling motorrak konpontzeko zerbitzu berri bat jarri du martxan IK4-TEKNIKERek

Helburua da enpresei zerbitzu bat ematea, bermatuko duena motorrak ondo funtzionatuko duela eta kostuak murriztuko dituztela.

Zerbitzu berri honen bidez gainera, Stirling motorren diseinua, fabrikazioa, kontrola eta mantentze-lanak barne hartzen dituen eskaintza integrala du EAEko zentro teknologikoak.

Stirling motorra eguzki-energia termoelektrikoaren, biomasaren eta biogasaren sektoreetan aukera handiak dituen teknologia
bat da.

Horrelako teknologiak enpresentzat eta zentroentzat duen balioaz jabeturik, IK4-TEKNIKERek Stirling motorrak konpontzeko zerbitzu berri bat merkaturatu du eta, horretaz gainera, Stirling motorren diseinua, fabrikazioa, kontrola eta mantentze-lanak barne hartzen dituen eskaintza integrala du.

Helburua da enpresei zerbitzu bat ematea, bermatuko duena motorrak ondo funtzionatuko duela eta kostuak murriztuko dituztela, ekipoaren konponketa optimoaren ondorioz.

Akatsak detektatzea

Zerbitzu berri honen bitartez, instalazioan huts egiten duen elementua benetan Stirling motorra dela detekta daiteke (diagnostiko aurreko zerbitzua, telefonoz, posta elektronikoz edo in situ IK4-TEKNIKERen instalazioetan), eta, hala izanez gero, aukera ematen du diagnostiko bat egiteko eta konpontzeko.

Horrela, zentro teknologikoak bere bezeroen esku jartzen du irtenbide bat, aukera ematen diena motorraren akatsen diagnostikoa egiteko (gas-, hozgarri- edo lubrifikatzaile-ihesak, sentsoreen eta beste osagai elektroniko batzuen okerreko funtzionamendua, trukagailuen haustura edo zigiluen higadura, besteak beste) eta, behar izanez gero, konponketa egiteko.

IK4-TEKNIKER eta Stirling teknologia

IK4-TEKNIKER, 2007az geroztik, Stirling teknologiari buruzko ikerketa- eta espezializazio-jarduera bat egiten ari da, alderdi gako batzuetan—doitasun-mekatronika, tripologia eta zigilatzea eta kontrol automatikoa— dituen gaitasunei esker.

Jarduera horren garapena, gainera, beste proiektu batzuetan parte hartuz sendotu du; esaterako, CENIT programako ConSOLI+Da proiektuan. IK4-TEKNIKER arduradun nagusietako bat izan zen Stirling eguzki-motor baten prototipo baten diseinuan eta fabrikazioan; motorrak alfa konfigurazioa zuen, V eran jarritako bi zilindrorekin, eta 10 kW-eko potentzia elektrikoko helburua zuen.

Horrez gainera, aktiboki kolaboratzen du Oviedoko Unibertsitateko Fisikako Departamentuarekin, zeinak esperientzia handia baitu Stirling motorren teorian. Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalarekin (CEDER) ere kolaboratzen du. Zentro horrekin, Stirling motorrak karakterizatzeko eta kontrolatzeko zenbait estrategiaren saiakuntzak egiteko Stirling motorren saiakuntza-bankua (BEMS) garatu zuen; horri esker hasi zen Stirling V160F motorraren karakterizaziorekin, eta horren ondorioz jarri du martxan konponketa-zerbitzu berri hau.