BUELTATU

PROIEKTUAK

Biomaterial berriak nerbio-sistema periferikoko lesioei aurre egiteko

Europako NEURIMP proiektuak bioteknologia eta mikroteknologia konbinatzen ditu, nerbio periferikoetako lesioak osatzeko

Horri esker, gaur egun erabiltzen diren inplante autologoak ordeztuko dituzten protesi berriak garatu ahalko dira, eta nerbioko ebakirik larrienei arrakastaz aurre egin.

Nerbio-sistema periferikoko lesioek —normalean istripu traumatikoek eraginak— mugimen-kontrola eta pertzepzio sentsoriala galtzea eragin dezakete. Oso lesio larria da, urtero milaka lagunen bizitzan ondorio larriak dituena. Urtean milioi bat kontsulta mediko baino gehiago egiten dira AEBn eta Europan nerbio periferikoko lesioak direla eta, eta horietatik %10 ebakuntza-gelatik pasatzen dira. Nerbioa ebakitakoan nerbio-zelulen artean konexioak falta direlako gertatzen dira lesio honek eragiten dituen oztopo fisikoak.

Patologia honen larritasuna eta eragin handia kontuan hartuta, haren ondorioak osatzeko gai den teknologia bat sortzeko bideak bilatzen ari dira zientzia eta teknologia elkarrekin. Hala, inplanteak fabrikatu nahi dira material biobateragarri eta biodegradagarriak eta mikrofabrikazioko teknologiak erabiliz, eta, hala, tutu-formako egitura bat sortu, haren bidez nerbio-zelulen arteko konexioa —nerbioa ebakitzean hautsi dena— berrezartzeko.

Fenomeno hori teknologiaren bidez baliatzeko, IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoa Europako NEURIMP proiektua gidatzen ari da. Proiektuak kolaboratzaile hauek ditu, besteak beste: Histocell enpresa (EAE), Toledoko Paraplejikoen Ospitale Nazionala, Sheffieldeko eta Westminstereko unibertsitateak (Erresuma Batua), Qserve aholkularitza (Herbehereak) eta Vornia Biomaterials (Irlanda) eta Contipro (Txekiar Errepublika) biomaterialen enpresak. Proiektua Europako Batzordearen VII. Esparru Programaren barnean dago, 3,5 milioi euroko finantzazioa du, eta 4 urteko iraupena izango du; 2017ko urte-amaieran bukatuko da.

Ekimen hau biobateragarritasun-, biodegradagarritasun- eta biotoxikotasun-propietate optimoak eta ebakitako nerbioaren antzeko propietate mekanikoak dituzten biomaterial berriak hautatzeko sortu da. Biomaterialak mikrofabrikazioko teknologiekin prozesatuko dira, eta neurrietan eta propietate mekanikoetan nerbio ebakiaren antza duen hodi-egitura bat lortuko da. Hautatutako biomaterialekin egindako mikrokanalak edo nanozuntzak dituzten hodi-egiturez osatutako inplante biomimetikoak sortu nahi dira, eta, horrela, ebakitako bi muturrak lotzeko aukera emango duten nerbio-zelulak haztea erraztu.

IK4-TEKNIKER, zehazki, polimeroak eskala mikrometrikoan prozesatzeko teknologiak garatzeaz arduratuko da, inplantea osatzen duen hodi-egitura (mikrokanalez osatua) optimizatzeko asmoz gela zurian garatzen diren teknologiak barne. Gainera, polimero sintetikoekin eta partzuergoko beste kide batzuek sintetizatutako polimero naturalekin lan egingo da, eta mikrofabrikazioko teknologiak material berrien propietate mekanikoetara, optikoetara eta erreologikoetara egokituko dira. Osagaia ekoizteko erabiliko diren teknologiak eta materialak baliozkotzen eta hautatzen ere parte hartuko du, eta ekoizpenaren neurrira egokituko ditu.

Oro har, NEURIMP proiektuaren bidez biomaterial berriekin fabrikatutako protesiak egin nahi dira, nerbio periferikoak konpontzeko. Azken helburua da mentu autologoak ordeztuko dituzten protesiak garatzea. Mentu autologoetan mentua pazientearen beraren nerbio-konexioetatik hartzen da, eta, gaur egun, bereizketa interneural luzeetako lesioetarako erabiltzen dira. Inplante autologo horiek, nahiz eta oraindik gabezia handiak eduki (nerbio emailearen jatorri mugatua, bigarren ebakuntza bat egin beharra, transplantean nerbioaren funtzioa galtzea edo nerbio emailearen eta hartzailearen zeharkako ebakidura bat ez etortzea), gaur egun erreferentzia dira, merkatuan dauden inplante xumeagoen gainetik. Hala eta guztiz ere, horien arrakasta-tasa ez da %50 baino handiagoa.

IK4-TEKNIKER buru duen partzuergoko kideek beren buruari ezarri dizkioten helburuen ezaugarri garrantzitsuenetako bat da erabilitako mikrofabrikazioko teknologiak eskalan jartzea, inplantea prezio lehiakor batean fabrikatua izan dadin. Inplante mediko seguru bat egiteko eta, hala, industriara transferitzea errazago izateko kontuan hartu behar diren arau-alderdiek gidatuko dute proiektua hasieratik.

Hautatutako inplanteak egiaztatzeko, animalia-modelo aurrekliniko bat baliatuko da, eta, modelo horretan, nerbioa leheneratzeko zer eraginkortasun duen ebaluatuko dute, bai ebaki txikietan, bai larrietan.

Bigarren fasea

Proiektuaren lehenengo fasean, material biobateragarri sintetiko eta natural egokiak eta haiek prozesatzeko mikrofabrikazioko teknologiak sortzeaz arduratuko dira partzuergoko kideak. Ondoren, bigarren fasean, biomaterialak eta haien teknologiak eskalan jarriko dituzte, eta sortutako osagaia in vivo inplantatuko dute. Proiektuak ez du baztertzen protesiek estrategia biologikoak garatuz —hala nola, zentroaren beste ikerketa-lerro batzuetan garatuak— funtzionatzea.

Informazio gehiago

NEURIMP Proiektuaren webgunea

This project has received funding from the European Community's Seventh Framework Programme (FP7-NMP-2013-SME-7) under grant agreement no 604450.