BUELTATU

PROIEKTUAK

IK4-TEKNIKERek trenbideetako oztopoak detektatzeko sistema bat garatu du

Gailu hau gai da trenbidean futboleko baloi baten tamainako objektuak detektatzeko

Euskal Trenbide Sarearekin sinatutako hitzarmen bat betez, IK4-TEKNIKER zentroak trenbideetako objektuak detektatzeko gai den sistema bat garatu du laser-teknologian oinarrituta. Dagoeneko probatzen ari dira Euskal Trenbide Sareko trenbide batean, Boluetan (Bilbo).

Segurtasuna eta fidagarritasuna ezinbestekoak dira tren-garraioko sisteman. Horregatik, gero eta beharrezkoagoak dira honelako egoerek eragiten dituzten tren-zirkulazioko istripuak saihesteko sistemak: trenbidean objektu bat egotea, tunelen ondoko ezpondetan luiziak gertatzea, motordun ibilgailuak trenbide-pasaguneetan harrapatuta geratzea edo tren-zirkulazioan arriskua eragiten duen beste edozein egoera.

IK4-TEKNIKERek garatu duen gailua sistema fidagarri bat da arazoak sortzen diren zonetako trenbideetan objektuak detektatzeko; adibidez, trenbidea aire zabalean duten hiriguneetan, trenbide-pasaguneetan edo tren automatizatuak —gidaririk gabeak, alegia— pasatzen diren trenbideetan. Gailua gai da trenbidean 25 zentimetroko ertza duen kubo baten neurriko objektuak (futboleko baloi bat baino handixeagoak) edo handiagoak detektatzeko.

Objektuak detektatzeko sistemak 2D-ko laser-eskaner bat du, mugimendua ematen dion motor batez hornitua, eta gai da "hiru dimentsioko irudi" bat puntu-hodei gisa hartzeko. Laser bidezko irtenbidea aukeratu da, laserrak dituen berezko ezaugarriengatik argiztapen-aldaketek edo argiztapen-maila baxuek ez diotelako eragiten, hori arazo izan baitaiteke beste irtenbide batzuetan.

Laser-sistemak ekortu egiten du aldizka zaindu behar den zona. Ekorketa bakoitzean, puntu-hodei bat lortzen da, eta, hura prozesatuta, algoritmo batek puntu-hodei hori oztoporik gabeko trenbidearen hodei-puntuaren eredu batekin alderatzen du, eta bataren eta bestearen arteko desberdintasunak bilatzen ditu. Desberdintasun handiren bat topatuz gero, trenbidean objekturen bat egon daitekeela ohartarazten du sistemak.

Laser-sistemak, zeinaren faktore nagusia fidagarritasuna baita, azken irtenbidearen fidagarritasuna indartzen duten beste sistema batzuekin osatu daiteke. Hala, laser-sistema trenbideen zona monitorizatzen duen ikusmen-kamera batekin konbina daiteke, eta, hala, sistema sendoago eta seguruago bat lortuko litzateke, kontrol-zentroari irudiak emateaz gain.

Gailua Euskal Trenbide Sareak eta IK4-TEKNIKERek 2012an sinatutako hitzarmen baten emaitza da. Gaur egun, haren bideragarritasuna egiaztatzen ari dira Bolueta auzoko (Bilbo) Euskal Trenbide Sareko trenbide-zati batean. Prototipoak 30 metro luze eta 8 metro zabal inguruko tarte bat estaltzen du.

"Proben emaitzek adierazten dute proposatzen dugun irtenbide hau gai dela trenbideko oztopoak fidagarritasun-maila handiarekin detektatzeko" dio IK4-TEKNIKERen proiektu honen arduraduna den Carlos Tubío ikertzaileak, eta honela gehitu du: "nahiz eta sistema hau, kasu honetan, trenbide batean aplikatu, zaindu behar den eta aldaketak monitorizatu nahi diren edozein zonatan aplika daiteke”.