BUELTATU

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

Lubrifikazioaren iragana, oraina eta etorkizuna

Espezialistaren ikuspegia:
Jesús Terradillos

Prestazio handiko lubrifikatzaileak garatzearen ondorioz, enpresek gero eta lubrifikatzaile-kantitate txikiagoak erabiltzen dituzte. Gainera, gero eta aplikazio gehiago izaten dituzte; hau da, gero eta lubrifikatzaile-mota gutxiago daude. Azkenik, mota guztietako makinetan aplikatzekoak izan behar dute. Horren guztiaren ondorioz, lubrifikatzaile espezifikoen eskariak behera egin du, eta kontsumitzailearen portaera aldatu egin da: orain, lubrifikatzailea gutxiagotan aldatzen du, eta kostu txikiagoan.

Halaber, merkatuaren, bezeroen eta hornitzaileen globalizazioak teknologien garapenenean ere globalizazioa eragin du, eta horrek lubrifikatzailearen industria aldatu du.

Horren ondorioetako bat lehiakortasuna handitzea da, eta bezero gehienak hornitzaile gutxi batzuekin aritzea. Petrolio-konpainiek bat egin behar izan dute lehiakorragoak izateko, eta konglomeratu handiak sortu dira; esaterako, hauek: Shell-Penzoil, BP-Castrol, Exxon-Mobil eta Texaco-Chevron-Amoco.

Lubrifikatzaile-merkatu nagusiak AEB, Errusia, Txina, Japonia, Alemania eta India dira. Bitxia da ikustea lubrifikatzaile-merkatu handiena duten sei herrialdeetatik hiru Asiako herrialdeak direla. Garrantzitsua da kontuan izatea Ekialdeko eta Erdialdeko Europako eta Asiako eta Latinoamerikako merkatuen irisgarritasuna handitu egin dela azken urteotan eta haien merkatuak liberalizatu egin direla. Ondorioz, "merkatu berriak" ireki dira, eta munduko merkatuaren %98 irisgarria da.

Produktu-segmentuei erreparatuz gero, lubrifikatzaileen munduko merkatuaren %61 automobilgintzako lubrifikatzaileen merkatuak hartua du, eta haren %63 merkataritzako ibilgailuek eta ekipo finkoek hartzen dute. Adibidez, furgoneten eta bidaiarientzako autoen segmentuak %37 du.

Produktu-motaren ordez, merkatu-segmentuak duen garrantziari erreparatzen badiogu, %25 balio handikoa da, %65 balio ertainekoa eta %10 balio txikikoa.

Lubrifikatzaileen merkatua zatitu samar dago. Mendebaldeko Europan, 300 fabrikatzaile inguru daude. Mundu osoan, berriz, 1.700 daude; haietatik 1.500 konpainia independenteak dira, eta 200 estatuko eta nazioarteko konpainia handietan integratuta daude. Hori bai, fabrikatzaileen neurrian dagoen desberdintasuna izugarria da: lubrifikatzaile amaituaren fabrikatzaileen %2k merkatuaren %60 baino gehiago hartzen du; fabrikatzaileen %93k, berriz, munduko merkatuaren %21 hartzen du.

Hauek dira gaur egun lubrifikatzaile-fabrikatzaile garrantzitsuenak: Shell, Exxo-Mobil, Sinopec, BP-Castrol, Texaco-Chevron, Lukoil, Valvoline, Mishubishi Oil-Nippon Oil, Total-Fina-ELF, Fuchs, Sun, Idemitsu, Indian Oil eta Agip.

Jotzen da munduan dauden 1.700 lubrifikatzaile-fabrikatzaileek 3.000 blending- eta packing-fabrika dituztela, eta 500 koipe-instalazio, %60-70eko ustiapenarekin. Mendebaldeko Europan, 381 blending- eta packing-fabrika daude, eta 94 koipe-instalazio.

Gainera, kontuan izan behar da konpainia txiki gehienak desagertu egiten direla denborarekin:%70 lehen belaunaldian (20 urte), %90 bigarren belaunaldian eta %95 hirugarren belaunaldian. Horregatik, ez litzateke harritzekoa izango 1998an zeuden 1.700 lubrifikatzaile-fabrikatzaileetatik 1.000 bakarrik geratzea 2020an.

Merkatu-hobiak

Alemanian, Italian, Espainian, AEBn eta Kanadan, lubrifikatzaile-fabrikatzaile independente gehienek "merkatu-hobietara" bideratu dute beren negozioa. Arrazoizkoa dirudi horrek. Ebaketa-fluidoetan, korrosio-babesetan, koipe lubrifikatzaileetan edo prestazio handiko lubrifikatzaileetan espezializatu dira. Eta, batzuetan, azpikontrata edo beste merkatu batzuen hornitzaile bihurtu dira.

Ingalaterran, Beneluxen, Frantzian, Suitzan eta Grezian, egoera pixka bat desberdina da, konpainia txikiek edo ertainek automobilgintzako lubrifikatzaileetan eta produktu-sorta osoan zentratuta jarraitzen baitute. Japonian, konpainia txikiek hobien estrategia aukeratu dute, eta ebaketa-fluidoetan eta koipe lubrifikatzaileetan espezializatu dira, batez ere.

Mendebaldeko Europan, berriz, etorkizunean, ziurrenik espezializatu egin beharko da eta hobi-estrategietara bideratu —adibidez, biolubrifikatzaileak, eta azpikontrata edo hornitzaile bihurtu—, merkatu handiagoetara iristeko, edo garapen-estrategietara edo fusio-estrategietara bideratu.

Gure iritziz, sektore batean edo produktu-sorta osoan diharduten enpresa txiki independente guztiek, etorkizunean, maila lokalean baino ez dute lan egingo edo desagertu egingo dira.

Ingurumena

Lubrifikatzaileen merkatuko joeretako bat da formulazio berriak erabiltzea, ahalik eta oinarririk onenez eta ingurumen-hobekuntzak dituzten gehigarrien teknologiak baliatuz. Ingurumen-inpaktuaren ikuspuntutik, minimizatu beharreko emisio garrantzitsuenetako bat CO2-arena da.

Alor horretan, gainera, merkatua landare-jatorriko olioak edo sintetikoak, biodegradagarriak eta inpaktu txikikoak nola erabili aztertzen ari da, ingurumenerako kaltegarriagoak diren olio mineralak erabili ordez. Bestetik, aromatikoen maila nola murriztu ikertzen ari da, azaleko minbiziarekin duen loturagatik, eta degradaziorako oxigeno gutxiago eskatzen duten gehigarriak nola erabili ere bai.

Ingurumen-erronka lubrifikatzaileen merkaturako hazkuntza-eremu nagusietako bat da, eta ikerketa-ildo asko irekitzen ari da. Esaterako, sodio nitritoa korrosio-inhibitzaile gisa gutxiago erabiltzea; formulazioetan metal astunak ez erabiltzea; bioziden arrazoizko erabilera eta urarekin nahasten diren lubrifikatzaileen erabilera murriztea.

Industrian, lubrifikatzaile asko erabiltzen da oraindik. Balio-bizitzaren amaieran, horrelako fluidoak arriskutsutzat jotzen dira, eta, beraz, ez dira ingurumenarekiko oso garbiak. Fluido horiek betetzen dituzten oinarrizko funtzioak betetzeko eta, horrez gain, gizartearekin konplitzeko —kontuan izanik ingurumenaz gero eta gehiago arduratzen dela—, fluido horien inpaktua murrizten duten hiru estrategiatan dago etorkizuna: prebentzioa, minimizazioa eta balorizazioa.